Sebas Lasa Mendiaratz | Huelvako espetxeko euskal preso politikoak

Aitzolen garrasia

Abuztuaren hasieran Aitzol Gogortzak Basauriko espetxean gose greba hasi zuen bera bezala larri gaixo daudenen askatasuna aldarrikatuz. Borroka gosez hasi zuen abuztua jakinda bere bizitza horri lotuta daukala.

Bere garaian Euskal Herriaren askatasunaren aldeko hautua egin zuen borrokaren bidea jarraituz. Orain dela hiru hilabete bere bizitzaren aldeko hautua egin du, berriro ere bide berbera erabiliz eta, horrela, gogoraraziz geure herrian lorpen guztiak borroka latzez erauzi dizkiogula etsaiari; eta horrela izango da oraingoan ere.

Horren oihartzuna Huelvako espetxeraino heldu zitzaigunean, Aitzolen gose greba garrasi bat zela ulertu genuen, gaixo larrien egoera urtez urte larritzen doan heinean, etsaiaren jarrera aldarazteko kalean borroka txikitzen eta apaltzen doala ikusita.

Berak azaleratutako ohia gurea egin genuen eta astebeteko txandakako gose greba bat abiatu genuen. Jakitun gara gaixo larriak kaleratuak izatea lortzeko gure ekimenaren eraginkortasuna urria dela, eta jabetzen gara egoera hau iraultzeko bultzada indartsuago bat behar dela.

Gure txikitasunean, aurrera eraman dugu ekimena eta une batzuetan ozenago, leku batzuetan ageriago; baina, orokorrean, Aitzolen garrasia bezala ez da egoerak duen garrantziaren neurrian jasoa izan. Nahikoa da espetxean egiten denari oihartzunik ez ematea, ekimena bere horretan garatzearen ondorioz, egoera larria ez aldatzeko.

Larri gaixo daudenentzat, espetxeko deborak bizitzaren bermearen aurka egiten du, eta bizi-kalitatea larriagotzera jotzen du. Etsaiak ez ditu berez askatuko, guk erauzi beharko ditugu zorigaiztoko ondorioa izan dezakeen bizi-kalitate larri horretatik.

Aitzol eta beste preso politiko gaixo larri guztiak gure herriaren etsaiaren gatibu diren heinean, gure indarrez askatzea beste aukerarik ez zaigu geratzen, alperrik dira beste asmo oneko itxaropenak.

Gure kide eta herritar gaixo larriek duten onena eman dute Euskal Herriaren alde urte luzez, eta guri dagokigu erakustea bidean ez ditugula erorita uzten. Guri dagokigu adieraztea Aitzol, Txus, Ibon…, eta beste gaixo larrien egoera ez dela beraien banakako borroka pertsonala, elkartasun eta babesa emateaz gain, beraien bizitza geure bizitza ere badela erakustea.

Duela aste batzuk Huelvako Euskal Preso Politikook abiatutako gose greba txandakatuaren lekukoa beste espetxe batera igaro zen gaixo larrien aldarrikapena hedatuz, baina etsaiak erosoegi jarraitzen du gatibu gaixo larriak askatzeko beharra sentitzeko.

Bilatu