Arraste-ontzi pelagikoak debekatzen ez diren bitartean, zorrotzago kontrolatzeko eskatu du Eguzkik
Fernando Salegi
2017/11/14

Hegaluzeko kostera bukatu berri den honetan, Eguzki talde ekologistak salatu nahi du, datozen urteetan gauza bera gerta ez dadin, aurtengoan arrastre-ontzi pelagiko frantses eta irlandesak arrantzan ibili direla. Batzuetan lege barruan, nazioarteko uretan, baina beste batzuetan legez kanpo, kostatik 12 miliako eremuaren barruan.

Espainiako eta EAEko administrazioek arraste pelagikoa debekatuta daukate, izugarrizko bazterkin edo deskarteak sortzen dituelako. Azken batean, arraste pelagikoa bi ur bitartean zabaltzen den sare erraldoi baten bidez egiten da. Sare horrek futbol zelai baten neurriko ahotzarra izan dezake eta, horren ondorioz, helburua den espeziea ez ezik era guztietako espezieak harrapatzen ditu, baita babestuak ere, hala nola izurdeak, baleak, ezpata-arrainak, dortokak eta beste. Hauek guztiak gehi pisuaren ondorioz zeharo zanpatuta geratzen diren arrainak berriz uretara botatzen dituzte, hilik baina.

Arraste pelagikoa, lege barruan egiten denean ere, ez da iraunkorra, arrantza-tokiak eta ekosistemak agortzen dituelako. Kantauriko arrantzaleek, berriz, artisau-teknikak erabiltzen dituzte, xaxiango arrantza edo katzea kasu. Horrela, hegaluzeak banan-banan harrapatzen dituzte, eta ez dago deskarterik. 

Gauzak horrela, Espainiako eta EAEko administrazioei konpromiso gehiago eskatzen diegu. Ikustatzeak egin dituzte eta horiei esker ontzi pelagikoetan zenbatu gabeko atun-aleak topatu dituzte. Ondo. Baina, gure ustez, deskarteekin, kuotekin, deskargatzeko aldez aurretiko abisuekin eta lonja-pasatzeekin zorrotzago jokatu beharko lukete.

Kontsumitzaileok ere geure partea egin dezakegu, arraindegian banan-banan arratzatutako hegaluzea hobetsiz bestearen aldean. Zoritxarrez, bestea da gehien saltzen dena, askotan zanpa-zanpa eginda dagoen arren, hori baita kontserbagintzan gehien erabiltzen dena. Horregatik Eusko Jaurlaritzari ziurtagiri bat eskatzen diogu, kontserban saldutako hegaluzea pelagikoen bidez arrantzatutakoa ez dela bermatuko duena.

Artikuluak
Gontzal Mendibil
2018/01/18
Xabier Arregi Gordoa
2018/01/18
Jose Luis Candelas Osegui
2018/01/18
Imanol Esnaola
2018/01/17
Gutunak
Bittor Sanchez | Gipuzkoako EHNEren exekutibako kidea
2018/01/18
Iñaki San Sebastián Hormaetxea
2018/01/18
Txus Pérez Artuch
2018/01/18
Pedro Mari Usandizaga Añorga
2018/01/18