Patxi Aznar Bellido

Arraunaren alde iluna

Klaudio Landaren telebistako programan ikusi dudanez, epaile batek Euskal Herriko arraun talde bat zigortu du, taldekide batzuek debekatuta dauden sustantzia batzuk erosteagatik. Dirudienez, Kortak zirkunstantzia hori salatu zuenean hasi zen dena. Handik aurrera, Kortak, programan bertan, esan zuen bezala, bizitza bai berarentzat, bai bere familiarentzat ez da batere erraza izan, eta adibidez, estropada batetik eskoltatuta atera behar izan zutela.

Esandakoa entzuteak haserre eta triste utzi ninduen, Euskal Herria toki zibilizatutzat bainuen. Programaren une batean Klaudiok ezin zuen ulertu Korta salatzaile bakarra izatea. Harridura hori, beste egoera batean izanez gero, normaltzat joko nuke, baina, bizkartzainarena jakinda, argi dagoena hauxe da: edonork ez zuela salatuko.

Bestalde, ETBk traineruaren herriko jendeari egindako elkarrizketan berariazko kritika faltan bota nuen, inork ez baitzuen esan gertatutakoa gaizki zegoela. Penagarria da, baina, zoritxarrez, beste garai batean txirrindularitzan jazotakoa orain arraunean gertatzen ari da; izan ere, esfortzu handiko kiroletan diru mordoa sartzen denean, kirol horien helburua, lehia garbia, zokoratua gelditzen da, beti bezala, interes ekonomikoek agintzen dute. Beraz, ez nau harritzen Kortari ACTrena negozio bat dela esaten entzuteak.

Bilatu