Xabier Martínez Asurmendi, RTX auzo-kolektiboaren ordezkari gisa

Arrotxapeko osasun-zentroaren arazoak

Iadanik ezagunak dira, Arrotxapeko osasun-zentroko erabiltzaileok eguneroditugun arazoak.

Bide neketsu hau edozein gaitz dela eta hitzordua hartu behar duzuneanhasten da. Ezinezkoa da osasun-karpetaren aplikaziotik bertatik egitea, nahiz eta, legez, beti aukera hori izan beharko genukeen. Beraz, zure hitzordua telefono bidez lortzen saiatu behar duzu. Baina hau ere ezinezkoa suertatzen da eta azkenik egoera horren aurrean, goizeko 7:00etan osasun-zentrora joan behar duzu, ilara luzeetan itxoin bitartean, osasun-zentroa noiz irekiko zain. Askotan administrazio-leihatilara iristerako "hutsune guztiak beteta daude" eta hitzordua lortzeko aukerarik gabe geratzen zara.

Egoera jasanezina da Arrotxapeko osasun-zentroarekin bizitzen ari garena, eta, horregatik, RTX Auzolanetik gure auzoari hainbeste eragiten dion arazo horri gogor heltzea erabaki dugu. Gure osasunaz ari gara, gure bizitzaz.

Osasun publiko eta kalitatezkoa defendatzeko auzoan egindako mobilizazio batzuen ondoren, non auzokideen parte hartzea nabarmena izan zen, beste urrats bat ematea erabaki genuen, Arartekoarekin eta Nafarroako Gobernuko lehen mailako arretako arduradunarekin bilera bana eginez.

Bilera horietan hobekuntzarako hainbat neurrien konpromisoa lortu genuen. Hauek martxan dauden arren, ez da nahikoa. Bilera horien harira, Arartekoak komunikazio bat bidali zuen, eta bertan beharrezkotzat jo zuen honako hau: "Osasun Sailari gomendatzea sakon azter ditzala hitzorduak baldintza egokietan eta denbora egokian lortzeko jasaten ari diren zailtasunak eta atzerapenak, beharrezkoak diren indartze-, antolaketa-, langile- edo kudeaketa-neurriak hartuz...".

Pozik gaude ebazpen horrekin, baina adi egonen gara. Erne eta gogotsu jarraitzen dugu osasun publiko eta kalitatezkoaren defentsan. Hori dela eta, astearte honetan, Arrotxapeko "Carbonilla" zentroan, 19:00etan, auzoko bizikidetzaren eta hobekuntzaren dekalogoa aurkeztuko dugu. Bertan, besteak beste, Arrotxapeko osasun-zentroaren problematikari helduko diogu. Ekitaldi horretara auzo osoa gonbidatuta dago. Ez dugu atzerapauso bat ere emango, gure bizitza horretan doa.

Bilatu