Hodei Otegi Arregi

Asensio Otegiri gutuna

Amasan jaio zinen, eta 10 urte zenituela gerra ezagutu zenuen. Ez zen gerra zibil bat izan, saldu nahi izan diguten bezala; estatu kolpe militar faxista bat izan zen. Zure aita ihesean ezagutu zenuen, abertzalea zelako. Ezkutuan egon zen, fusilatuko ote zuten beldur. Euskaraz ikasi zenuen errezatzen, gero faxisten etorrerarekin erdaraz: «Orain, ez dakit errezatzen ez euskaraz ez erdaraz», esaten zenuen. Hogei urterekin Amasa utzi eta Elgoibarren hasi zinen lanean, Sigman, josteko makinen enpresan. Bertako greba orokorrak... Morkaiko mendizale elkarteko presidente ere izan zinen. Bertan abentura dezente eduki zenituen: ETAk ikurrina mendi puntan jarri eta zuek eskursioan goraka, Guardia Zibila ikurrinari tiroka ia kablea moztuko zuten, kanping gasa autobusean eta ia bonba bat prestatzeko zen pelikula... bigarren guda. Semea erbestera, bederatzi urtez. Bertan jaioko nintzen ni, Baionan, espainiar poliziarengandik ihesi. Amak kotxea arrankatzen zuen gu ikastolara eraman baino lehen, eta buelta pare bat ematen zituen auzoan, leher egiten bazuen gu bertan ez harrapatzeko. GALen garaiak ziren. Aita atxilotu, ama atxilotu eta zuek pasa zenuten muga, poliziaren furgoneta batean, ilegalki.

Elgoibarko Udaleko plenoan, torturen aurkako mozioa sartu zuen Herri Batasunak. Bertan zinen zu ere. PNV, PSE eta EEk mozioaren aurka bozkatu zuten. Tortura existitzen ez zela zioten. Zuk hitza hartu zenuen: «Zuek nahi duzuena esango duzue, baina nik nire semearen gorputzean ikusi ditut zigarroen erredurak eta torturen markak, eta hori inork ezin du esan gezurra denik». Isilik gelditu ziren, beti egin duten bezala.

Hamabost urte espetxeetara bidaiatzen pasa genuen gero. Zenbat espetxe eta bizipen.

Gogoan dut aita torturatua ikusi nuenean, ezpaina zatiturik, begia ubel. Gogoan daukat zein amorru sentitu genuen bisitara sartzeko, hamar urte ingururekin, biluzarazi nindutenean, eta zu ere biluzarazi zintuztenean. Zenbat umilazio eta guk burua zutik, harrotasunez.

Joan ziren Ciudad Real, Huesca, Herrera, Alcala... Garazirekin batera azken urtetan Martutene, Navalcarnero, Logroño eta orain gogoratu ezin ditudan baina buruz ikasi genuen espetxeen izenen zerrenda luzea, Berri Txarrakek dioen bezela.

Amamak ezin izan zuen semea kalean ikusi. Ze pena eta ze amorru. Baina zuk bai, eta poza ematen dit horrek.

June ere ezagutu zenuen eta bada marka hori ere, ia 96 urte. Junek zu hilkutxan ikusitakoan esandakoarekin gelditzen naiz: «Aitxitxa lolo».

Eskerrik asko, Axen! Irabazi arte!

Bilatu