Iratxe Allende Fernandez

Astrazenecaren 2. dosia nahi dut, inolako txantaje barik!

Maiatzaren 20an, geldirik zegoen «60 urtetik beherakoen funtsezko kolektiboen bigarren dosien txertaketa»-ren inguruko nobedadeak ezagutu genituen. Gobernuak, beraren ikerketa propio bat egin ostean, hau erabaki zuen: «bigarren dosi gisa Pfizer hartuko dute».

Jarraian Eusko Jaurlaritzak erabaki horri bete beharreko baimena gehitu zion, non ardura osoa guregan usten duen. Bertan: «1. Uko egiten diot lehen dosikoaz bestelako txerto baten bigarren dosia hartzeari» eta aldi berean «baimena ematen dut covid-19aren aurkako txertoa emateko» idatzita agertzen da.

Hezkuntzako langile talde bat hartutako erabaki hauen kontra gaude, eta maiatzaren 21etik gaur arte horrela adierazi diogu idazki baten bidez, bai Zuzenean-ko Telegram kontura bidaliz zein Irekian proposamen moduan sartuz, erantzun eskasa lortuz.

Hauxe idazkia:

«Nik, ________________&___ NAN zenbakia duen Hezkuntzako langileak, adierazten dut:

1. Europako Medikamentuen Agentziak estaten duela Astrazeneca txertoaren lehen dosia hartu genuen 60 urte azpikook Astrazenecaren bigarren dosia hartzeko.

2. Komunitate zientifikoak ere aldarrikatzen duela 2. dosia AZ izan dadila.

3. Lehen dosia hartzean ez zenigutela ezer sinarazi eta txertoa Europan kanpaina geldituta zegoenean eman zenigutela.
Eskatzen dut:

Bigarren dosia Astrazeneka izan dadila eta horretarako dokumentu berezirik sinatu behar ez dezadala. Eta, aldi berean, dagokigun datan jasotzea.

Zuen erantzunaren zain».

Gestio penoso honi, azkeneko egunetan Osakidetzak hitzorduak emateko eta Astrazenecarako zerrenda gauzatzeko erabiltzen ari den sistemaren hutsuneak ere gehitu behar zaizkio: txertaketa eguna bertan behera utzi dieten eta itxaroten dauden langileak; txertaketa egunaren kontrako mezurik jaso ez dutenek, eta ondorioz txertaketa egunean joaten direnak, bertan Pfizer bakarrik dagoela esaten dietenei, horrek suposatzen duenarekin; mutuatik lehenengo dosia jaso zutenek, orain Osakidetzatik deituak izango omen direnak... Urkullu jaunak gaur esan duen moduan «estoy desconcertado».

Aski da! Pandemia hasi zenetik, hezkuntzako langileria, gure lana egiten egon gara %200a ematen, protokolo guztiak betetzen, txarto deitutako eskoletako digitalizazioa sortzen, ikasleek ahalik eta gutzien gal zezaten. Eta orain zer? Horrela tratatuak izatea merezi dugu? Jada ez gara beharrezkoak?

Ez dugu guk egin eta egiten ari garena baino gehiago eskatzen, bakoitzak bere lana ondo egitea eta eraginkor izatea besterik ez. Bakoitzak dagokion ardura har dezala.

Beraz, Eusko Jaurlaritza, ez dut dokumentu berezirik sinatuko, ez dut beste txerto mota ezberdin bat nahi, ez dut ezjakintasunean bizi nahi, ez dut mehatxurik nahi. Nire Astrazenecaren bigarren dosia nahi dut, iñolako txantaje barik!

Bilatu