Juan Luis Mugertza Unanue

Auzo-lotsa

Ni umetan oso lotsatia nintzen, eta oso gauza arraroak egiten nituen. Behin, arazoaren tamaina argitu aldera-edo, amari galdetu nion, ea osasunerako txarra zen horren gorri jartzea: Lasai! Hori berez sendatuko da. Itxura denez, bera ere umetan lotsatia zen, baina gero eskola sasoiko liburuak bazter batean ahaztuta uzten ditugun moduan, lotsati izateari utzi zion, eta ez dakizue zenbat berba egiten zuen! Gure amaren ustez, oso ohikoa omen da haurra zarelarik lotsatia izatea. Gero, bizitzaren eskarmentuak, eta adinak dena sendatzen du, antza. Halarik ere, ez dakit, bada, lotsati-etapa hura guztiz gainditu dudan. Izan ere, lehengoan, Borrellek, Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak, Mexikoko presidenteari, Manuel Lopez Obradorri, eta Alemaniako telebista kateko kazetariari Kataluniaz elkarrizketa batean esandakoa entzutean, Espainiarekiko auzo-lotsa sentitu nuen, eta zera pentsatu nuen, nahiz eta horrelakoek ezer gutxi merezi dutela jakin: gure amak ez gorritzeko teknika ezagutuko du? Horrelakoetan, amak arnasari eusteko esaten zidan, eta batetik hamarrera kontatzeko: bat, bi... Oso metodo ona da ez gorritzeko, eta barregarri ez egiteko, baina ez dakit horrelako espainiarekin funtzionatzen duen. Izan ere, Espainiak aspaldian lotsa galdu du, eta kutsatu nahi gaituzte.

Bilatu