Azken eraso sexista Euskal Herrian
Larunbat gauean gertatu zen emakumeoi egindako azken eraso sexista ezagutu genuen. ‘Ezagutu’ hitza erabili dut, azken finean neska horrek salatu egin baitu; izan ere, salatu izan ez balu ez genukeen horren berri izango. Eta, zoritxarrez, larunbatetik gaur arte beste hainbat eta hainbat eraso sexista gertatuko ziren gure herrian, gure kaleetan, gure lantegietan, gure parkeetan, gure etxeetan, baina haien berririk ez dugu izan, tamalez; aldiz, eraso sexista honetaz, bai. Eta eraso sexista horren berri izan dudanean, zur eta lur geratu naiz, hitzik gabe.
Eta hitzak ateratzen ez zaizkidanean edo bukatzen direnean, emozioak azalarazten zaizkit: ‘mala letxea’ ‘amorrua’ ‘ekintza zuzena’ ‘biolentzia’ etaabar luze bat... baina ez dut nahi halako emozioak une luzean bizi izatea. Horregatik, une eta gune eman diet nire hitz zintzoei, nire hitz penatuei, nire hitz borrokalariei... Eta une eta gune ematen diedanean, erraz ateratzen zaizkit hitzak, modu naturalean, kemenez eta maitasunez... Horregatik, ‘ezagutu’ dugun azken eraso sexistei buruz hitz egingo dut, berba egingo dut...: eraso sexista hau emakumeon askatasunari egindako erasoa izan da; tamalez, gure askatasunaren kontrako erasoa izan da...
Horrela bukatzen dira gure gauak, gure ametsak, eta isilezko eta odolezko desertu bat azaltzen zaigu gure aurrean...; berriro oihukatuko dugu -...Gure askatasunaren kontrako eraso sexista eta faszistaren adibidea hau!!, eta ez eredua, noski!
Berriro hitzen esanahiekin bueltaka gabiltza, eraso sexista, genero indarkeria...‘bla bla bla...’ gure askatasunaren kontrako erasoa besterik ez da izan. Besterik, ezta? Guk aske izan behar dugu nahi duguna egiteko, besteon askatasuna errespetatuz, noski.... Guk, emakumeok, aske izan behar dugu kaleetan ibiltzeko, hondartzetan egoteko, biluzik ibiltzeko, ligatzeko, abortatzeko, ama izateko. Inork ez digu askatasunik lapurtuko, ezta bahituko ere... Izan ere, bahitu gaituzte une batez, baina gure askatasuna ez digute bahitu... Ez!
Gure ahizpak askatasunez erantzun baitu, salatuz; ez da gelditu etxean bahituta, beldurrez, ikaratuta, ezkutatuta. Ez! Askatasunez erantzun baitu,guri irakaspide ederra eskainiz. Aupa zu, neska! Zurekin gaude bihotzean, eta zuk badakizu!
Horregatik, eskatzen diet udalei, instituzioei eta jendarteari eraso sexista honen aurrean erantzuteko, oihukatzeko eta berba egiteko, kemenez..., gure ahotsak zuzenean eta indartsu entzun daitezen irratietan, telebistan, kaleetan, Euskal Herri osoan...
Bukatzeko, erantzukizuna eskatzen diot sistema patriarkal eta kapitalista honi, berak baitu gertatutakoaren errua eta patua. Bai! Berriro esango dut ozenki... Sistema patriarkal eta kapitalistak sortzen ditu jendeen arteko desberdintasuna, bai psikologikoa, bai emozionala, bai ekonomikoa!
Sistema horrek jendearen arteko biolentzia, indarkeria eta arrazismoa bultzatzen ditu... Sistema patriarkal eta kapitalista honek botere harreman asimetrikoak eta jendeen arteko menpekotasun harremanak sortzen ditu, horrelako gertaerak eraginez, non gizonak munduko boterea dutenak bilakatzen baitira. Zoritxarrez, botereak pertsonen etika eta koherentzia desagerrarazten ditu, askotan. Eta pertsonok etika eta koherentzia galtzen dugunean, edozer gauza egiteko gai sentitzen gara; hau da, besteenganako errespeturik ez, besteak menderatzen saiatzen gara, eta azken gertaera honetan bezala, emakumeak erasotzen ditugu.
Horregatik, erantzukizuna eskatzen diet eraso hau burutu dutenei, erantzukizun zuzena eta irmoa eskatzen diet, hain zuzen ere. Emakume baten duintasuna eta askatasuna bahitu duzue, lapurtu duzue eta bortxatu duzue; eta, horrekin batera, emakume guztion duintasuna eta askatasuna bahitu dituzue, baina ez lapurtu, askatasunak gurekin jarraitzen du eta. Duintasuna eta askatasuna gurekin jarraituko dira betirako; gurekin jarraituko dira errespetuak, maitasunak, ahizpatasunak... eta beti-beti... amaren etxea defendatuko dugu! Gora Borroka Feminista! Erasorik ez erantzunik gabe!