Barandiarango Joxemielen errainua
Jexux Aizpurua Barandiaran | Barandiaran fundazioko kidea
2016/12/29

Ataunen jaio zen 1889ko abenduaren 31n eta bertan hil 1991ko abenduaren 21ean. Zergatik gogoratu XIX. mendean jaiotako norbait? Zergatik?

Barandiaranen bibliografia, biografia nahiz «egunerokoak» gainbegiratzea besterik ez dago, gizaki erraldoi eta aurrekoi baten aitzinean gaudela jabetzeko.

Eta hori halaxe izanik, ezagutarazteko bideari ekin beharko zaio, gizarteak orokorrean eta, batik-bat, belaunaldi berriek oroimen historikoaren baitako atal honen berri ere izan dezaten.

Gaur egungo sare sozial eta komunikabiderik ez zenean, hitzaldi eta ikasgaiak zabaltzearren irratia sortu zuen eta atzerriko berriak jasotzeko, bestalde, ohe azpian desmuntarik gordetzen zuen morse bidezko tramankulu xume eta harrigarri bat ere bai; horrela, biharamuneko egunkariek ekarriko zutena aurrez jakinaren gainean ziren ataundarrak, Parisetik nahiz Londresetik igortzen ziren albiste-emankizunen bidez.

Sotanaz jantzita eta txapel beltza buruan zuela bizi zen apaiz haren baitan jakin-min izugarria zegoen gorderik; horregatik ikasi zituen, besteak beste, frantsesa, ingelesa eta alemana. Eta horregatik joan zen 23 urterekin, bakar-bakarrik, Alemaniako Leipzigeko unibertsitatera eta 1922an Telesforo Aranzadirekin batera Alemania, Belgika eta Frantziara. Hurrengo urteetan, bere gisara, baita Herbehereak, Austria, Suitza eta Frantziara ere haize berrien bila; bide batez, berorietako iritzi, joera eta pentsamoldeak ezagutzera. Horregatik izan zen nazioarteko zenbait erakundetako zuzendaritza batzordeko, zertarako? Han ikusi eta ikasitakoa Euskal Herrira ekarri eta, alderantziz, hemengo ikerketen berri munduan zabaltzeko.

Gogoangarri da 1917an -28 urterekin- Gasteizko apaiztegian ikasturte-hasieran Euskal Historiaurreaz egin zuen inaugurazio-hitzaldia. Kronikek diotenez, Barandiaran gazteak gaiarekiko azaldu zuen zientifikotasuna izan zen nabarmen. Horrelaxe garatu zuen etenik gabeko jakinduria, datuak eta informazioa jasoz, ikertuz eta berak sortutakoa hainbat aldizkaritan zabalkundea emanez.

Hurrengo urtean, 1918n, Oñatin izan zen Eusko Ikaskuntzaren I. Biltzarrean, gizarte zibilaren aurrean, berriro ere euskal historiaurreaz bi hitzaldi egin zituen eta, pixkanaka, Barandiaran izena Euskal Herrian eta kanpoan hedatzen hasi zen.

Hala ere, bazuen heldu ezineko eginkizun bat: Ataun jaioterria aztertzearena. Lan hori, bere gidaritzapean, Juan Arin Dorronsoro lagunak burutu zuen
1936-1953ra bitartean Ipar Euskal Herriko erbesteratzean ere bide beretik jarraitu zuen, Eusko Jaurlaritza, Frantziako Kultura Ministerio eta Manuel Intxausti mezenasen laguntzaz, euskal kulturaren inguruan jendea biltzen eta, han bertan berak sortutako aldizkarien bidez ikerketak mundura hedatzen.
Aldi berean, kultur-mundua eta ikerketa lozorroan zeudenez, deika eta erreguka ari zitzaizkion Hegoaldera lehenbailehen etor zedin, kulturgintza eta ikerketa berpiztu eta bultzada emateko. “Barruko” jendeak lider bat behar zuen, sustatzaile neka-ezina eta hura Barandiaran zen.

Bestalde, garai hartako hierarkiak baztertu bazuen ere, jakin zuen ondo jakin ere, bizimoduari aurre egiten, irakaskuntzari eta ikerkuntzari atxiki, ETNIKER egitasmoa abian jarriz eta azken urteetan Barandiaran fundazioa egituratuz, euskal erakunde publikoen laguntzaz, urteetako ondareak jarraipena izan zezan.

Hil ondorengo emaitzak dira Gerra zibileko 136 testigantza izeneko liburua, “Egunerokoak”, Eusko-Folklore berriro kaleratzen hastea, ikertzaileentzako Barandiaran beka e.a.

2016ko abenduaren 21ean Ataungo Sara etxean izandako ekitaldiak Barandiaran giza-baloreen zabalkunderako balio dezala!

Eginkizunak eginkizun, Barandiaran euskal kultura-munduan eta zientifikoan uka ezinezko erreferente dela aitor daiteke; gizarteak jasoko ahal du bere mezua!

Artikuluak
Antonio Álvarez-Solís
2019/06/17
Aitor Montes Lasarte*
2019/06/17
Gutunak
María Luisa Aoiz, Esperanza Aragonés e Iñigo Aranburu*
2019/06/17
Javier Orcajada del Castillo | Bilbo
2019/06/17
Iñaki Revuelta | Cantante
2019/06/13
Eneko Etxeberria Álvarez | Hermano de Naparra
2019/06/12
Azken post-ak
Fito Rodriguez
2019/06/15
Martin Garitano
2019/06/14
Dabid Lazkano
2019/06/13
Oihana Llorente
2019/06/13