Garikoitz Nazabal | Gipuzkoako EHNEko presidentea

Basque Label Harategiak, nekazal sindikalgintzaren lanaren fruitua

Aste honetan Eusko Label konpromisoa duten harategiek izango duten irudi berriaren aurkezpena egin dela aprobetxatuz, hori guztia lortzeko egin den lanketaren balioa nabarmendu nahiko nuke. Irudi bat baino gehiago da: prozesu luzea izan da eta herri honetako haragi sektorearen garapena sustatuko duen ziklo berri baten hasiera markatuko duena.
    
Hamar bat urte daramatzagu sektoreko askotariko eragileok geuk sortutako negoziaketa mahaietan iritziak elkarbanatzen. EHNE eta ENBA gidari lanetan aritu garen arren, era guztietako eragileek hartu dute parte, baina denak helburu bakarrarekin: haragi sektorea jasaten ari den egoera larriaren arrazoiak diagnostikatzea, konponbideak denen artean identifikatu eta adostea.  

Arazoak diagnostikatzea erraza izan daiteke, ez horrenbeste soluzioak planteatzea. Baina praktikak erakutsi digu sektoreari bere osotasunean soluzioak plantea dakizkiokegula, errespetuz, pazientziarekin, edozein ekimen boikoteatzeko asmoz aritu diren eragileek eragindako gorabeherei edota gobernu eta arduradun politikoen aldaketei irmotasunez eutsiz, baita sektorea osatzen dugun katebegi guztiei enpatia erakutsiz ere.

Planteamentuetako batzuk oraindik ere tiraderan daude, baina beste batzuk argia ikusi dute. Esate baterako, azienda hobetzeko programak kalitatezko zezenen erabilera bultzatuz, baliabide finantzarioak errazago eskuratzeko programak, edo gizartearentzako nabarmenagoa izango dena, Labelekoak diren harategiek izango duten irudi berria. Beharrezkoa da apustu hau, berritzailea, sektoreko profesionalei gustatu behar zaiena, baita bezeroei ere. Denda txikiei bultzada bat eman, auzo eta herrietako biziarekin erabateko lotura duten horietan ekonomia eta lanpostuak sortu, gertuko salerosketak sustatzea kalitatezko arreta eta primerako produktua eskainiz. Hauek dira indartu nahi diren balioak eta bertuteak.

Ez dago konponbide miragarririk, neurri batzuk martxan jarri, haien ondorioak baloratu eta huts egiten duena aldatu behar da. Ziurrenik honakoa izan da lortutako honetan guztian garaipenik handiena: bistaratzea eta ulerraraztea planteamenduek, tresnek eta egiturek dinamikoak izan behar dutela eta identifikatutako beharrizanetara egokitzen ez badira, ez dutela balio.

Kalitatezko produktuak ekoizten ditugu, osasunarentzako onak direnak, baita zaporez bikainak ere, eta saltoki hauek horren isla izango dira, gure produktua salduko duten harategiak, alegia. Hori dela medio, balio horiek konpartitzen dituzten harakinei dei egin nahi diet proiektuarekin bat egin dezaten, hala sektorea indartuko dute ekoizpenetik hasi eta salmentaraino.

Bukatzeko, izenburuan esandakoa nabarmendu nahiko nuke eta nekazal sindikalgintzaren aldeko gorazarre egin. Prozesu honetan jo eta su aritu direnak eta segiko dutenak zoriondu nahi ditut, hau guztia tarteko helmuga besterik ez delako izan lanketarekin jarraitu ahal izateko. Horregatik guztiagatik, ongi etorri Basque Label Harategiak!

Bilatu