Juan Luis Mugertza Unanue

Berangon erdara nagusi

Berango oso nazionalista da. Nazionalismoa oso errotuta dago herrian. EAJ-koek beti irabazten dituzte hauteskundeak. Hala ere, ez da oso euskalduna. Bertako euskara ederra aspaldian lurperatu zuten beldurrak eta lotsak. Hori dela eta, euskara entzutea ez duzu erraz izango, eta entzuten baduzu, lepitzuliaren antzera, lepoari eragingo diozu jakiteko nor den babestu beharreko espezie hori. Agur, egun on, esanda, lasai asko bizi zaitezke inolako arazorik gabe.

Halarik ere, ulertzekoa da herri honetan bizi den jende askoren tipologiari erreparatuz gero, eta kontuan hartuz gero, botereari eusteko, hauteskundeak irabazteko, burua erabili behar dela, eta ez bihotza; beraz, euskara zertarako bultzatu Berangon? Bai, ulertzekoa da, lehengoan, Jon Plazaola eta Aitziber Garmendia gurera etorri zirenean, Losers (Galtzaileak) antzerki obra antzeztera, guztiok ulertzeko gaztelera hutsean ikusteko aukera izatea. Baina, lasai, abenduaren 3an euskaren eguna ospatuko dugu, eta orain arte bezala nazionalistak izango gara. Hori bai, erdal nazionalistak.

Bilatu