Patxi Aznar Bellido

Berdinak legearen aurrean

Autoz Nazional-1etik nentorren eta, Irura herria pasa ondoren, Donostiarako noranzkoan errepideko bazterretik zailtasunez zebilen adineko emakume bat ikusi nuen. Berrogei metrora aurrerago autoa gelditu eta zain gelditu nintzen. Emakumearen zain nengoelarik Ertzaintzaren furgoneta bat autoaren atzean jarri zitzaidan. Handik gutxira bi ertzain, gazteleraz, karneta eta paperak eskatzen hasi ziren, nik euskaraz hitz egin nien, baina haiek ezin zidatela ulertu aitortu zidaten. Halako batean ertzain bat konturatu zen IATk urtebete iraungita zeramala, nik covid-en eragindako deskuidu bat izan zela esan nien, aurreko zortzi urteak zuzen igarota baitzegoen. Halere, isunik ez jartzeko egin nituen esfortzu guztiak alferrik izan ziren jarri zidatelako. Haserretu nintzenean, zenbait gauzetarako komeni zaienean erabilitako gogortasuna aurpegiratu nien, eta haiek erantzuten zidaten euskaraz artatuta izatea nahi izanez gero, beste koadrila bat etorri arte itxaron beharko nintzela. Nik ezetz esan nion, orain dela bi urte Orion Ertzaintzako beste patruila erdaldun batekin antzekoa gertatu baitzitzaidan, eta euskaldun patruila bat iritsi zen arte, hogei minutu zokoratuta egon behar izan nintzen. Argi dago, administrazio publikoarekin euskara erabiltzen dugunok diskriminatuta gaudela. Eta ez hori bakarrik, kasu honetan aipatutako diskriminizazioak gizartearen kohesioa oztopatzen baitu.

Bilatu