Arkaitz Iruretak | Txirrindan taldearen izenean

Bidegorriak direla eta

Aurreko ostegunean, hilak 14, Martin Garitanok Elgoibarrera eginiko bisita aprobetxatuaz, bidegorrien inguruan galdera bota zion gutako batek: ea noren eskuduntza den bidegorriak egitea, zeintzuk eta noizko dauden aurreikusita. Herri gunetik kanpo dauden lanak Diputazioaren betebeharra dela erantzun ziguten, eta diseinatua egon arren gutxienez bi urte zain egon beharko garela Altzola edo Eibar-Soraluzera joateko bidegorritik.

Notizia txarra, 700 egunez gure bizitza arriskuan jartzen jarraitu beharko dugulako. Larunbatean, berriz, Diario Vascotik jakin genuen Elgoibarko alkatearen iritzia. Bertan irakurri dugu diseinatua dagoenaren ordez Leruntxiki eta Autopista sarrera lotzeko asmoa duela. Txirrindan lanera joaten garenok, bidea diseinatu dutenekin bat gatoz, eta ez Udalaren asmoekin, Ibaitarte poligonoa, San Antolin kaleko enpresak (Kondia, Etxe-Tar, Unceta, Sariki eta abar) poligonoetarako ez duelako sarbiderik ematen, eta Arriaga poligonorako ere ez delako bide egokiena.

Irtenbiderik merke eta egokiena, bidegorria trenaren Melitongo tunel zaharretik egitea izango litzateke gure ustez, diseinatuta dagoena hain justu. Udalari dagokion herri barruko bideetan ere, ez dugu ikusi bizikletentzat segurtasuna bermatzeko neurririk. Horregatik, erabiltzaileok prest gaude administrazioekin kolaboratzeko, gure iritzia eman eta behar denean laguntzeko. Diru gutxi dagoela jakitun garenez, bidegorriak auzolanean egiten laguntzeko prest ere egongo ginateke.

Bilatu