Jokin Amozarrain Altube

Biktimak

Joan zen aste bukaera gorabeheratsua izan genuen Arrasaten. Hainbat manifestaldi zein kontramanifestaldi zirela eta, azkenean herrian nahasmena sortzea lortu zuten. Horrela, hasiera batean urtero legez antolatzen den Elkartasun Eguna guztiz ezkutatuta geratu zen, eta hauxe izan zen espainiar hedabide boteretsu eta eskuindarrek gure herritik atera zuten lerroburua: "ETAren biktimak iraindu eta zapaltzen saiatu dira erradikalak". Beste aldean, berriz, askoz ere jende gehiago bildu zuen Sarek antolatutako protestaren ardatz ziren pertsona guztientzako giza eskubideak eta bizi osorako kartzela zigorraren aurkako ahotsak ia guztiz isilduta geratu ziren.

Baina, fokua hor jarri dutenez, goazen lerroburu hori aztertzera. Hain zuzen, Vox alderdi ultraeskuindarrak antolatutako kontzentrazio bati buruz ari dira, berez Unai Paroten biktimak omendu nahi zituena. Hala ere, pixka bat sakonago begiratuz gero, kasualitatea edo ez, ultraeskuindarrak manifestatu ziren plaza berberean frankismoak Deba Goienan hil edota desagerrarazi zituen 124 pertsonen oroigarri bat dago kokatuta. Hau da, gerrate garaian frankismoak eta ultraeskuinak hil zituztenak gogoratzen diren lekuan bertan bildu ziren frankismoaren babesleak eta gaur egungo ultraeskuindarrak. Beraz, esan dezakegu biktimak zapalduak eta irainduak izan zirenaren lerroburua egia dela, baina agian frankismoaren biktimak izan ziren horiek

Honen harira, frankistak bailaran sartu ziren eta sarraski hau burutu zutenetik 85 urte pasa direla eta, Intxorta elkarteak elkarretaratzea burutu zuen igande honetan biktima guzti horiek omendu eta justizia eta egia eskatzeko. Izan ere, esan beharrik ez dago, triskantza hau eragin zutenak horregatik ezertxo ere ordaindu ez ezik, hauek bai heroiak bezala tratatuak izan zirela. Noski, aurreko igandeko Voxen ekitaldia hedatu eta zabaldu zuten hedabide espainiar boteretsu horietako batek ere ez zituen ekitaldi eta biktima hauek aipatu, eta ez dituzte aipatuko, baina artikulu xume honen lerroetan behintzat gogoratzea nahiko nituzke. Gogoan zaituztegu!

Bilatu