Unai Argarate

Bizkaiko Pilota Federazioko lehendakariari

12 urteko gure semeak, hiru urte daramatza pilotan jolasten. Pozik dabil lagun artean entrenamendu eta partidetan eta eskualdeko eta Bizkaia mailako txapelketetan. Bizkaian dago federatuta eta aste bukaero herri desberdinen baten aurkako partida jolasten du.

Giro guztiz euskaldunean murgilduta daude beste kirol batzuetan ez bezala. Kontua da, urtero, denboraldia hasten denean, Bizkaiko Pilota Federaziotik txapelketetarako arautegia jasotzen dugula. Nire harridurarako, gure lehenengo urtean, orain hiru urte, arautegia gaztelera hutsean jaso genuen. Gure klubean euskarazkoa erreklamatu ostean, Federaziotik gazteleraz bakarrik bidali zutela esan zidaten. Jarraian, Bizkaiko Federaziora deitu nuen eta berehala euskaratu eta bidaliko zutela agindu zidaten. Urteak aurrera egin zuen eta beraien berririk ez nuen eduki. Buruz buruko txapelketa heldu zenean ere arautegi berriarekin egoera berbera suertatu zen. Berriro deitu nuen eta promes berbera egin zidaten.

Iazko urtean egoera berriro errepikatu zen eta aurten beste horrenbeste. Zazpi aldiz deitu dut Federaziora hamabi orrialdeko dokumentu bat euskaratzea eskatzeko eta kasurik ez didate egin. Ulertuko duzuen bezala, pazientziak muga bat dauka eta horregatik ondorengo nire hausnarketa.

Hau icebergaren punta besterik ez al da izango? Zein hizkuntzatan funtzionatzen du Bizkaiko Pilota Federazioak? Federaziora deitu dudan zazpi aldi horietan behin bakarrik atenditu naute euskaraz. Webgunean eskegita dauden 27 dokumentuetatik (arautegiak eta abar) bakar bat ere ez dago euskaraz. Pilota, Euskal Herriko kirol autoktonoa izanik koherentea al da hori? Zertan bereizten dira Gaztela Leongo eta Errioxako pilota federazioak Bizkaikoarengandik?

Danok gaude euskararen alde, danok ospatuko dugu Euskararen Eguna, danok hartuko dugu parte Euskaraldian, baina, gero, egunerokoan zer?

Lehendakari jauna, ez dakit egoera honen jakitun zaren ala ez. Edozein kasutan, azken arduraduna zu zeu zarelakoan nago. Pilota federazioak euskararen trataera egokian eredu izan beharko liratekeelakoan nago; hitz batean pilota gurea delako eta gaur egun dugun kirol eskaintza pluralean beste bat gehiago izan ez dadin zerbait berezia eskaini behar duelako.

Bilatu