Asun Landa Mendibe

Blas de Oteroren «cien» urte

Blas de Otero Bilbotar poeta handia jaio zeneko 100 urte bete direla eta, «Cien» izeneko jardunaldiak izango dira Bilboko Bidebarrieta Liburutegian maiatzaren 30etik ekainaren 4 arte; sei egun eta sei ekitaldi, gaztelaniazko tituluaz guztiak, poeta euskaldun bakarra Felipe Juaristi,  baina bera ere izango diren poeta zein idazle galego, asturiar eta katalanak bezalaxe,  gaztelerazko solasetan.

Hemen erdera da nagusi, hau da Bilbo, «infernu handia» esan zuen Oteroren lagun mina zen Gabriel Arestik, orduko agintariek eta antolatzaileek euskara baztertzen zutelako. Kexatu zen Blas de Otero bera, ezin izan zuelako euskara ikasi, bere haurtzaroko  hizkuntza.

Hemen berriro kultur antolatzaileek ahaztu  dute euskara, diogu guk, Otero eta Arestiren garaikoek egin zuten bezalaxe.

Agian, ez da seguru, sarrera ekitaldian Jaurlaritzako zein Udaleko ordezkariek berba bi botako dizkigute Azkueren hizkuntzan.

Agian baten batek irakurriko du poemaren bat euskaraz, hori be ez da seguru. Euskara apaingarri. Gaztelaniaz idatzi zein komentatutakoa bakarrik da benetako kultura?

Telefonoz deitu dugunean azalpen eske, esan digute Blas de Oterok gaztelaniaz idatzi zuela. Eta Shakespearek ingelesez, erantzun diegu, orduan, ingelesez baino ezin dugu aztertu, solastu, irakurri, itzuli  idazle ingelesaren obra eta pertsona ?

Hemen ez dagoela Otero bizirik ezagutu zuen euskaldunik esan digute  eta guk galdetu: poetaren lagun intimoak, familia dira ezinbesteko bakarrak poeta baten pentsamendua eta obra ezagutzeko?

Hemen maite ditugula ekarriko dituzten poetak eta idazle batzuk, esan diegu. Elena Medel, Xuan Bello, Marta Sanz... eta plazer handia izango dela zuzenean entzutea. Ezagutzen ditugulako maite ditugu. Baina nola maiteko ditugu bertoko poetak ezagutu ezean? Tantaka ekartzen  badituzte eta oso aukeratuak, batzuk inoiz ez ?

Hemen Oteroren «espezialistarik» ez dutela ezagutzen, esan digute.Gure gomendioa: hasteko bertara eta bertokoei ere begiratzen. Badira urteak Koldo Izagirrek euskaratu zituela Oteroren poemak eta  aspaldi  publikatuta daude Susa argitaletxearen webgunean, adibidea jartzearren.  Horrez gain, egin dira Oterori buruzko ikuskizunak, Loraldian ere ikusi izan dugu berriki. Baina Bidebarrietako jardunaldi hauek gaztelania hutsean izango dira. Cien ez da ehun.

Kexa onartu eta kontuan izango dutela hurrengorako esan digute. Ea ba!! Bagara batzuk,
Bidebarrietako ekitaldietara joaten garenok, euskaldunak asko, eta holakoetan minduta eta  kezkatuta irteten gara, gure Bilbon ez dugulako hitzik ezta pakerik.

Bilatu