Blues bat erresilientziari
Alex Uriarte
2020/03/28

Ebakuntza-geletako hego orlegidun aingeru goardakoengatik.

Ospitaleetako hego zuridun aingeru goardakoengatik.

Lagundu aditza euren bandera eta gure etxe bihurtu

eta inor bakardadean hiltzea galarazten dutenengatik.

 

Lorik ez duten dorre gabeko begirale horiengatik,

gaixoak noizbait esnatuko dela amets egin dezan;

beldur hitza hiztegitik erauzi eta

euren azala ezkutu bihurtu dutenengatik.

Erietxeetako oheak blues bat bailiran mugitzen dituztenengatik.

Lan zikina munduko behar ederrena bihurtzen duten azti eta sorginengatik.

 

Euren erlojua begiratzeko eskubidea galdu zutenengatik.

Gure oinazea urdinez margotzen dutenengatik.

Besarkada debekatuak merezi dituztenengatik.

Otsoaren ahoan sartzen direnengatik eta

gure ikara beraien izpiekin argiztatzen dutenengatik.

 

Balkoietako oralekuak uzkurtu arte egiten dizuegu txalo,

pena merezi duen egia bakarra beste esku batzuk aurkitzea dela

baino ez dakiten eskuekin.

Eta, bitartean, itxaropenak zera idazten digu ezpain kamutsetan:

«hau dena pasatzen denean, ez zaituztegu ahantziko».

Sendatzea, dagoeneko, ez delako gizalege- edo konpromiso-kontua.

Sendatzea, honezkero, erresilientzia- eta maitasun-kontua delako.

 

Erizain eta mediku orori eskainia.
Bueltan ezer jaso asmoz dena eman dutenei.

Artikuluak
Ana Tere Díaz
2020/05/27
Joseba Vallés Izquierdo
2020/05/27
Joxemari Olarra Agiriano
2020/05/27
Ricardo Cruz-Lopez
2020/05/27
Gutunak
Kari Ledesma Villa
2020/05/27
Pedro Mari Usandizaga Añorga | Ondarroa
2020/05/25
Victoria Vallejo Martínez
2020/05/25
Irune López Carriba
2020/05/25
Azken post-ak
Koldo Campos
2020/05/18
Fito Rodriguez
2020/05/17
Fito Rodriguez
2020/05/13