Jon Arrieta eta Nikole Ziarrusta, Ernaiko kideak

Borroka grinez itzuliko gara

Ikasturte amaiera heldu da ikasleriaren gehiengoarentzat, nahiz eta gutxi batzuk, azterketen presiopean eta metodologia indibidual eta memoristikora loturik, liburutegietako aulkietan jarraitzen duten. Ikasturtea amaitzekotan gauden honetan, zenbait apunte:

Hasteko, ikasle bizitzak ezaugarritzen dituen prekarietateak ez ditu oporrak hartuko; milaka ikasle ikusiko ditugu datorren ikasturteko matrikula, ikasle pisua, garraioa eta ikas materiala ordaintzeko edonolako lanak onartzen. Honen erantzulea egungo unibertsitate eredu neoliberala dugu, etengabeko merkantilizazio eta pribatizazio prozesuetara makurturik, elitizazioan sakontzen jarraitzen duelako. Ikas baldintza duinak ez dira bermatzen, ez soilik kostu ekonomikoaren aferari begiratuz; ratio altuegiak, ikasketak euskaraz egiteko ezintasuna, hezkuntza feministaren inexistentzia, erronka ekologikoen kokapen eza... problematika guzti hauek bizi ditugu euskal ikasleok.

Egoera hau izanik, Ernaiko kideok ikasturtean zehar hainbat dinamika jarri ditugu martxan. Azaroan ehundaka ikasle batu ginen Gasteizko campusean hezkuntzaren eta burujabetzaren inguruko Jardunaldi Nazionaletan. Hilabete eskasera, ikasleria antolatua kriminalizatu eta penalizatzera zetorren Elkarbizitza legearen aurkako mobilizazioak egin genituen. Bigarren lauhilekoan, LOSU unibertsitateetako erreforma berrian sakondu eta honi alternatiba plazaratu genion: unibertsitate burujabe, nazional, publiko eta komunitarioa. Gainera, ezin aipatu gabe utzi ikasle mugimenduarekin egindako hausnarketa eta ekintza bateratuak, hala nola neska* ikasle taldeak, euskara taldeak eta fakultateetako ikasle taldeekin.

Duela astebete ikasle jaialdiarekin amaitu genuen, eta beste behin argi dugu datorrena. Hurrengo ikasturtean ere ikasleon bizitzak prekarizatzen jarraituko dute, eta honen aurrean gure hautua argia da: borroka grinez itzuliko gara.

Bilatu