Imanol González Álvarez

Covid zoramena

Psikologoek eta psikiatrek, dagoeneko, «pandemiak eragindako estresa» edo «neke pandemikoa» izendatu duten gaitzari, beste bat erantsiko zaigu herritarroi: agintariek sortutako «covid zoramena». Azken hau, duela urte luze pairatzen ditugun hainbat agindu eta aholkuen ondorio argia izango da.

Zerrenda luzea da; adibide batzuk gogora ekarri gura ditut: apirilean musukoaren erabilera ez zen beharrezkoa, kaltegarria izan zitekeen ere; maiatzean, ordea, nahitaezkoa. Musukoen ildotik jarraituta: FFP2 delakoaren erabilera ez zen komenigarria hasiera batean; hilabete gutxi pasatu ondoren, lana eta egoeraren arabera, ezinbestekoa.

Leku irekietan kutsatzea ezohikoa izan omen da beti; badaezpada –isuna sahiesteko baino ez bada ere–, hemendik aurrera, musukoa erabili mendian eta hondartzan, nahiz eta bertan bakar-bakarrik egon. Harrigarria eta susmagarria, benetan.

Atzo tabernak oso arriskutsuak ziren; gaur ez dira horrenbeste. Bihar berriro kaltegarriak izan daitezke, eta etzi... ikusiko dugu! Ordutegi eta etxeratze aginduei buruz, zer esan? Neurri batzuk birusak berak ere ez dituela ulertzen esango nuke.

Txertoak onak dira, guztiak eta noiznahi. Hau aspaldiko kontua da; gaur egun berriz, Astra-Zenekakoa ez omen da egokia. Duela hilabete batzuk gazteentzat aproposa zen txertoa; egun, adinekoentzat baino ez du balio. Ba al dago hau guztia ulertzerik?

Kontuak oso argi egon ziren sasoi batean: denok etxean egon behar izan genuenean. Eta, halere, zirrikituak egon ziren: noiz irten, zenbatetan, zertarako...

Hasiera-hasieratik pentsatu nuen: birus madarikatu honek akabatzen ez bagaitu, aginduek eta zentzugabekeriek burutik jota utziko gaituzte. Berez egoera makurra izanda, gauzak horrenbeste korapilatzea ere!

Behin «artaldearen immunitatea» lortuta, musuko barik leku irekietan ibiltzeko baimenik izango ote dugu? Ala goibel jarraituko dugu, irribarrerik ezin ikusi eta arnasa ozta-ozta hartuta? Ez nuke apusturik egingo, badaezpada ere.

Bilatu