Dantzari askeak izan nahi?
Hogeitamaika ataletan idatzi digu Harkaitz Cano-k bere azken lana: ”Silueta” izenekoa. Liburua eskutitz bat zela iruditu zait irakurtzen hasi eta berehala, zeuri eta neuri eta irakurle orori eskainirikoa.
Ez da gutun bakar bat, 31 dira, liburuak berak dauzkan atal beste.
Eskutitzik idazten ez den garai honetan, 31 eskutitz?
Gure buzoi erdoilduak poztu eta berpiztu egingo dira!
Esker oneko erantzun pila jasoko du gure idazleak?
Bihoakio nireetariko bat, “Elektroien dantza askea” izenburu duen atalari buruz idatzia.
Zenbat dira elektroiak giza gorputzean? IA-k eman didan erantzunak 27 zero dauzka bat zenbakiaren jarraian idatziak:
“1.000.000.000.000.000.000.000.000.000”.
Elektroi hauek guztiak dantza askean eta ni enteratu ere ez naiz egiten.
Irribarñoa egingo diot nire medikuari hurrengo odol analisia “oso-oso-oso konpletoa” dela errepikatuko didanean. Izan ere, azken analisien emaitzak hiru orrialdetan idatziak datoz, denetan, baina, 71 datu baino ez dira.
Ez dakit nire mediku jaunak bere enplegu aniztasuna dela eta, astirik eta kemenik izango duen hemen kontatzen ari natzaizuena irakurtzeko, ordea. Anbulatorioko hurrengo zitan irribarñoa egingo diot “oso-oso-oso konpletoa” esango didanean!
Harkaitzek “Silueta” liburuan diosku bi hitzeko esaldi batean:
“(…) Mimetikoak gara. (…)”
Mimetikoak!
Imitatzaileak!
Itxurazaleak!
Hipokritak!
Forofoak!
Antzerkizaleak!
Kopiak!
Zer gara?
‘Mimetikoak gara”, bi hitzeko esaldi hau, balizko irakurle baten lumak idatzia, 129.orrialdean dator barkamenaz ari zaigularik:
“Barkamena, eskertu egin daiteke (eta ziur aski, eskertu egin behar da). Emaileak itxura dezake barkamen eskea, baina ez dirudi komenigarriena… Are gutxiago, hartzaileak esker on faltsuen bidez barkamen hori jasotzea beretzat garratzitsua dela aditzera emango balu, benetan esaten duena sinetsi gabe. Mimetikoak gara. Halakoa da gure jokaera: itxurak egiten dituenaren aurrean itxurak egitea. Honek ere ez dirudi oso gomendagarria, nahiz eta itxurak egitea jokatzea izan, eta rol batean muineraino sartu eta hura jokatzeak eragin dezakeen, ene uste apalean, rolaren asimilazio partziala”
Harkaitzek edo gure balizko Silueta liburuaren irakurleak//iruzkingileak honela darraigu:
“Asko atsegin dudan Etna O’Brien-en aipu bat ekarri nahi nuke hona: <<Gorputzaren bidez solik barka dezakegu elkar. Buruak barkatzeko itxurak egiten baditu ere, beltzuneak gorde eta elikatu baino ez du egiten>>. Airean hitz egiten dugu, baina gorputzean idazten da airean egindakoa, letraren materialtasuna agerian utziz. Gorputzarekin mantentzen dugu gure hizketa intimoena eta hau aintzat hartzeak dialektika berri bat irekitzen du.
Identitate egonkor, itxi eta oso bat ez da posible, eta honek mugimendu konstante bat ahalbidetzen du.
Buztinezkoak gara”
Mimetikoak eta identitate egonkorrik gabekoak gara, baina aldi berean buztinezkoak. Zorionez ez omen gara harrizkoak, beraz, geure izaera moldeatzeko ahalmena dugu, alegia: geure buruaren buztingileak izan gintezke, geure izaeraren sortzaileak eta alfareroak, baldin eta mimetikoak izate horrek gure onespen osoarekin zenbait idoloren kopia hutsak izatera kondenatuko ez bagintu.
Zelan onartzen dugu mimetikoak izatea?
Mimetismoari esker funtzionatzen du gure eguneroko ogi, esne, janari eta elikadura mentalak? Propagandaren bidez: irratietan, aldizkari, egunkari, telebista kateetan eta medio guztietako mezu eta iragarkien bidez elikatzen gaituzte. Zenbat ordu egunean, zenbat ordu gauean ematen dugu pantailei begira! Bost? Sei? Zazpi? Hamahiru…?
Mimetikoak ez bagina berehalaxe ezabatu eta deuseztuko lituzkete propagandarako eta gure heziketarako darabiltzaten medio horiek guztiak.
Mimetismoari esker sinetsiarazi nahi dizute zu zeu zarela zeure buruaren egilea, zeure buruaren buztingilea, zeure buruaren alfareroa. Hori al da,<al zen>> hain zuzen, zuri “Self made man” delako ipuin hori, gizaki arrakastatsuarena sinetsarazi nahi dizutena, zizutena?
Gizaki arrakastatsuaren plantak egiten zabilzkigu, gabiltza, zenbilzkigun, genbiltzan.
Hipokrisian, itxurakerian, zurikerian aditua al zara, gara, zinen, ginen?
Burnout delako sindromeak jota al gabiltza?
- Ai, lagun! Horiek guztiak ‘American Dream’ garaikoak dira, honezkero ez daude indarrean. Orain Trump-aroan gaude eta ezin bizi idolorik, liderrrik, ‘Führerik’, ‘caudillorik’ eta ‘Ducerik’ gabe. Modan dauzkagun hitzak:”lidergoa eta karisma dira”.
Utikan argudio guztiak! Dagoneneko soberan daude eta!
Baina zein da, nor da zure buztingilea/alfareroa? Zein da zu zeu ez bazara zeure buruaren egilea?
Izan al gintezke gu, eta gainerako gizaki arrunt guztiok, geure eta zeure nortasuna buztinez eta ekintzez moldeatzeko gauza? ”Egiten duzuna gara eta egiten edo isiltzen duguna zara?”.
Nik uste dut baietz, gu guztiok gara hurbileko eta gainerako beste guztientzat zenbaitetan eredu ona eta bestetan eredu txarra. Are gehiago, mimetismoari esker elkarren egileak gara, elkarren alfareroak, elkarren buztingileak onerako zein txarrerako.
Zehazki zer garen esaten ez dakit: jainkoak, aingeruak, deabruak, kerubinak? Etengabe mugimendu honetan, identitaterik sendorik gabe, “identitate egonkor, itxi eta oso bat ez da posible, eta honek mugimendu konstante bat ahalbidetzen du”-elarik atzo nintzena eta zinena ez da orain naizena eta zarena.
“Elektroien dantza askea” izeneko kapitulua goian kopiaturiko azken hitzokin amaitzen da.
Ados al zaude Etna O’Brien-en aipuarekin: <<Gorputzaren bidez solik barka dezakegu elkar. Buruak barkatzeko itxurak egiten baditu ere, beltzuneak gorde eta elikatu baino ez du egiten>>?
Liburuan bahiketaren gorabeherak, bahitua eta bahitzaileen arteko harremanak, bahiketaren zuloko itxialdian sortu direnak oso hitz gutxitan esanda pizten digu gure irudimena Harkaitzek, eta historia eta partitura osoa guk geuk osatu eta idatz dezagun, eta egin, egiten dugu.
Barkamena, damua, mendekua, errukia, berrerospena, identitatea, horrelako kontzeptuak eta sentimenduak plazaratzen dizkigu “Silueta” liburuak.
Barkamena gorputzaren erraietatik sortzen bada, nolakoa da barkamena? Razionala al da? Irrazionala?
Razionala izatea eta irrazionala izatea biak barkamenean aldi berekoak eta bateragarriak al dira?
“Tenpus fugit” eta <<Tempus venit » une berekoak, aldi berekoak eta bateragarriak izan daitezkeela uste duzue?
Ba al legoke elkarren arteko bizitzarik barkamena erabili gabe?
Ba al da barkaezinezko den kalterik, minik, zauririk, ekintzarik, krimenik, gerrarik?
Zein filosofo aritu da ongien eta argien gai honen inguruan? Zurginaren seme hura, ‘Txus’ izeneko hura?
Identitate ezegonkorrarari buruzkoa irakurri dudanean gogora etorri zait Cervantes-ek zioskuna bere satiran: “El retablo de las maravillas”, honakoa: “La identidad es un baile de máscaras al servicio del mejor pagador”
Gaurko testuari latinezko esaldi batekin amaiera eman nahi diot: <<Initium ut esset homo creatus est>>
Bibliografia:
”Silueta”, Harkaitz Canoren liburua Susa artitaletxean daukazue.
Barkamenaz gehiago jakiteko gomendatzen dizuet: ”La condición humana” Hannah Arendt-en liburua, Paidos argitaletxean.
“La mancha humana”, un relato de Irene Vallejo