Ixa Ordoñez, Patxi Larretxea, Mari Jose Unsion eta Sagrario Telletxea, Auzolanean lorategia egin duen Berako taldea

Denon astoa denon artean zaindu behar dugu

Komunitarioaz eta publikoaz hausnartu beharra nabarmendu nahi dugu.

Berako hamabortz bat herritarrek maiatzaren hondarrean lorategia egin genuen, auzolanean, Herriko Etxearen laguntzarekin. Bi asteburutan, besta giroan, lagun talde batek lorategia desegin du; triskantza erabatekoa izan da.

Ez da berria gertatutakoa. Bestak dauden aldiro agertzen dira deseginak herri altzariak, zaborrontziak, bide seinaleak, eta herriko zein norbanakoen loreak. Zernahi. Oraingoan, hainbertze maitasunez eta lanez egindako lorategiari egokitu zaio. Eta ezin dugu ez ulertu, ez onartu.

Ongi pasatzea gauzak desegitea eta hondatzea baldin bada, bertze herritar batzuek egindakoa haustea bestarekin lotzen bada, oker gabiltza. Euskaraz bada esaldi bat: denon astoa, goseak hil. Bada ez, denon astoa, denon artean zaindu behar dugula aldarrikatu nahi dugu.

Ondasun publikoak herritar guztienak dira, denok gozatzekoak. Baina horiek zaintzea eta mantentzea ere denon lana eta ardura da. Aberastasun izugarria dugu gure herrian.

Hainbertzeko ausardiaz lorategia desegin dutenei, ausardia berarekin, aurpegia eman eta egindako kaltea konpontzeko borondatea agertzeko eskatu nahi diegu, gurekin batera, auzolanean, lorategia moldatuz. Hori bai litzateke gizalegez aritzea.

Eta gainerako herritarrei ere inplikazioa eskatu nahi diegu, horrelako sarraskiez lagunartean eta etxeko giroan solastatuz, komunitario eta publikoaren garrantziaz etxean bertan heziz, eta baliabideak denonak direla eta zaindu behar ditugula ikusaraziz. Eta horrelako jokabideak ikusiz gero, salatuz. Denon artean egiten badugu, denok hazia paratzen badugu, gaur errotik ateratako landareak direnak, bihar lorategi ikusgarriak izanen direlako.

Heldu den ekainaren 25ean, larunbata, lorategia birlandatzeko asmoa dugu eta parte hartzera gonbidatzen ditugu beratarrak.

Bilatu