Josu Jimenez Maia, idazlea

Ekainak 9

Haima dagoen lekura heldu naiz, eta Tateh-k esertzeko erran dit amultsuki. Melfaz osaturiko haimari xarma dario. Sentsazio bitxia da, arraroa bezain xarmagarria: irriñoa eragiten dit, eta halaber, barne-zimikoa. Isiltasunean, melfa bakoitzak istorio bat xuxurlatzen du: erresistentziarako grinaz, iragananaren gogorraz eta etorkizunaren ziurgabetasunaz mintzo zaizkit hitzik gabe. Hotsik gabeko hitzak izaten dira eraginkorrenak, haima honetan biltzen diren hitzak eta hotsak. Tateh-ek lehen tea prestatzeari ekin dio jada, «bizitza bezain garratza dena». Tea edalontzira erortzen ikusten eta aparra sortzen aditzen ari naizelarik, hitzak aletzeko unea heldu da. 

Ekainak 9 ditu. El Ualiren heriotzaren urteurrena. Duela 50 urte hil zen borrokan. Tateh mintzo zaigu, te-edalontziak banatzen ari delarik. El Uali oso garrantzitsua da historiarako eta sahararrentzat. Fronte Polisarioren sortzaileetarik bat izan zen eta bizitza osoa Sahararen askatasunaren aldeko borrokari emana bizi izan zen. Gaur dela 50 urte martiri bihurtu zen, eta sahararrentzat oraindik bada Herriaren aldeko engaiamenduaren eta duintasunaren adibide; haren hitzak, haren berbaldiak errepikatzen dituzte eta haren balioak ere gogoan bizirik diraute; autodeterminazioa, askatasuna eta Mendebaldeko Saharara itzultzeko ametsaren irudia; El Ualik bizirik dirau. 

Hitzak eta te-edalontzi hutsak bildu eta Tateh bigarren tea zerbitzatzen hasi da, bigarren tea, maitasuna bezain goxoa dena. On egin.

Bilatu