Emakumeen kontrako genero-indarkeria
Hi txo ! Hiri doakik
Izan beti izan dituk baina komunikabideetan egon, batik bat gaur zeudek. Oso maiz azaltzen duk tratu txarrei buruzko berri makabroren bat, batzuetan, askotan ere, azken hiru urte hauetan bereziki, herio dantza zegok. Orain dela ez hainbeste salaketak, protestak kalean ematen zituan eta emakumeek konfiantza eta adorea bereganatzen zitiztean. Instituzio guztiek plazako neurriak hartuz gero arazoa konponbidean zegoela askori iruditu zitzaigun. Bai, zera! Egunero plazaratzen dituk betikoak: zoro batean ezin huen bizi, bihotza ukabil batean sartua zeukan, iraindu, jo nindoan, hil zioan...
Emakume askok, oraindik ere, beldurraz eta lotsaz ez ditiztek tratu txarrak salatzen; bortitzaleei jarritako zigorrak oso maiz barregarriak dituk; benetako segurtasun juridikorik ez zegok eta gizartearen elkartasuna hobetu duenarren, lurretik zebilek. Hiritarrok ohitu gaituk. Etxeko biolentzia, beste edozein biolentzia, atzo arte izan genian biolentzia politikoa ere, baina handiago duk eta botereak ez dik arazoak konpontzen hariraino eramaten.
Begiak argiari noiz irekiko zizkioagu? Ezin diagu esan: hor konpon dominus vobiscum. Gizartearen arazo larria dela onartu beharko genikek, arazo politikoa duk. Beraz, botere politikoak, parlamentuetatik hasita, bestelako neurriak hartu beharko dituk...
Zoritxarrez norabide politikoak bestelako duk. Bai, 2017ko honetan, maiatzak 28an, jada hildako emakumeak 34 dituk, eta horren aurrean gobernatzen duten politikarien eskaintza negargarria duk. PP-k, EAJ eta Cs-en konplizitatearekin aurtengo Estatuaren Aurrekontu Orokorrak 47,47 milioi euro, 2017ko aurrekontuaren % 0,01a jasotzen dik. Nola demontre gauzatuko da Estatu-Ituna genero indarkeriaren kontra?
Eta ilargian daudenei deklinabide-ariketa xume hau proposatzen zieat: Nork, nori, nor,noiz, nola... zertarako. Ez dik balio, zergatik.
Porrot, porrot, porrot.