Ainara Maia Urroz

Emakumeen oroimen baratzea Arantzan

Harritik hazia ateratzea zaila bazen ere, ezina Ekhiñez egina lortu genuen, eta orain fruituak noiz bildu itxaron bertzerik ez dugu uda honetan, hazitik bihia jalgitzerakoan uda honetan, lora dadin eder eta emankor laster. Antzerki-tailerrean hasi ginen, eta nik ene bihotz hautsi honekin aurkitu nuen babesa.

Oroitzapenetik ezin da bizi, baina horiek ezin dira lo eduki. Ez da ona ahaztea, eta oroituz batera zer izan zen ikasi dut eta hazi naiz. Amestea libre delarik, harritik hazia jalgi zen, eta hemendik aitzina, hazitik bihia ernatuko da, lora dadin Euskal Herria.

"Harritik hazia" herri antzerkiaren azken emanaldia Arantzan izan genuen ekainaren 2an, eta Arantzan ere emanen diogu jarraipena emankizun guztien amaieran banatutako hazietako landareak landatuz emakumeen istorio banarekin.

Plazer handi bat izan da hau dena bizi izana! Eta ohore handi bat Ramon Albistur maisuaren gidaritzapean eta Esther Carrizoren eta gainerako talde osoaren laguntzarekin 2016an hasitako bidea egitea gaur arte. Bihotzak eginik, etsiturik eta zauriturik hasi nintzen oroimena landu nahirik 2016ko udazkenean Irundik Berara joaten, eta maitasunaren zubiak nituela hautsirik, emeki taldean nintzen sartu.

Ene buruari galdetzen nion: "Harritik hazia" nola zen posible? Oroitzea ongarri da lur eta harri orotan bihia jalgitzeko eta ezinezko oro posible egiteko Ekinez goxo bertsutan. Begirada poetikoz Inarra naizela sendabide ohartu naiz, ene bihotzaren goxagarri ene bihotzeko hatsa, geronek hautsitako zubia konponbidean jartzeko, untsa hautatuz hitzok ta ongi adituz zuek errandakoa eta eni emanikoa bi beharriekin, buruarekin eta bihotzarekin. Eskerrik anitx eta muxu zaparrada denoi! Ez adiorik eta laster arte, uztailaren 15ean elkar ikusiko baitugu berriro; igandean 13:00etan ureztatuko baitugu gure istorioez eta maitasunez emakumeen oroimen baratzea, fruitu onak eman ditzan aurrerantzean.

BESARKADAREN HEGALAK
lur jota nengoela
lurra zanpatuz oinekin
eserita nahiz etzanda
haizearekin dantzan
eguzkiaren fereka sentituz.
Lur jota egotetik
ene toki zoriontsura hegan egin dut
lagunak topatu ditut
xoriak eta dortokak ere bai
eta gero airatu naiz
lurretik zerura
zerutik lurrera
jautsi naiz bete-betean
ene bihotzaren taupada eta etena
entzuteko, sentitzeko, idazteko...

Bilatu