Andres Osa ‘Sakona’

Erreala, Montanier eta GARA

Itzelezko jokoa dastatu dugu! Futbol partida asko daramatza puntuak metatzen, hasiera motela izan bazuen ere. Lan ixila eta onaren fruituak jaso dira. Garaipenek eta batez ere joko onak ase gaitu. Halabeharrez? Ez. Montanieren gizontasuna, itsurakeririk gabeko seriotasuna, pazientzia, ausarta, kontzeptuetan argitasuna… guzti horren ondorioa izan da eta noski, giza talde gazte eta sanoa aurrean izanik, kanpotar batzuk tarteko euskal labela da, Erreala.

Goraipena Aperribairi eta klubeko arduradunei. Badiolak utzitako sagar ustelak saskitik apartatzen asmatu dutelako une larrietan: diru arazoak, ‘Montanier kanpora’, txistuak, irainak eta sasi zikin guztien gaineko talaiatik bide zuzenetik jo dutelako.

Aipamen berezia GARA eta bertan zintzoki, objetibotasun handiarekin eta ur handietan sartu behar izan denean murgildu eta non zer dagoen garbi azaltzen saiatu den Joseba Iturriari. Badiolaren garaian beldurrik gabe jokatu zuen salatu beharrekoa ozenki kanporatzen. Aurtengo ligan entrenatzailearen aurkako eraso bortitzak bezain injustuak izan direnean bakarrenetarikoa izan da egia azaltzen, denborak, puntuz puntu arrazoia eman diolarik. GARAko errekorteak albuntxo batean, kolorezko paperez eta lazoz bilduta oparitzea egokia litzateke.

Philippe Montanier badoa eta erabaki zuzena eta zentzuzkoa hartu du. Pairatu behar izan dituen irainak ezin dira ahantzi. Izan ere lur hori lantzen aritu diren tertuliano, kazetari plumifero mordoska bat gertu daude berriro ere, ahultasun txikienean, hautsez estalirik duten txingarrak haizematzeko. Osasunaren aurka jokatutako partidaren ostekoa lekuko. Orain seko mututu dira. Baina mikrofonoak, tertuliak eta ordenadoreak pozoina dariola dituzte. Eta hori oso ondo daki Montanierrek ez baita tontoa. Gainera mesfidantza usaia daraman Errealaren eskeintza baino askoz hobea jaso du bere jatorritik.

Nire kuriositatea: nor izan ote zen ‘Montanier kanpora’ esaten zenean, Aperribairi «Este entrenador nos va a dar mucha alegria» esan zion jokalaria. Esker mila Philippe Montanier. Merci beaucoup pour tout.

Bilatu