Iratxe Garcia Zabala | Barriro euskara taldearen izenean

Errenta aitorpena euskaraz

Errenta Euskaraz be emaitza bera. Ohitura izan da gure aiton-amonak merkatuan elkar-trukean zenbakiak gazteleraz erabiltzekoa, hobeto elkar ulertzeko edo-eta ezusterik ez izateko.

Bada, Bizkaian, errenta aitorpena egiterako orduan ohitura horri amen egiten jarraitzen diogu, 2010ean Bizkaiko Foru Aldundian aurkezturiko errenta aitorpenen %3,5 besterik ez baitziren euskaraz izan.

Aitorpen honetan, baina, zenbakiak finkoak dira, hots, elkar-trukerik ez da egongo, eta beraz, ez dago zertan larritu, emaitza bera aterako baitzaigu euskaraz zein gazteleraz! Barriro (barriro@bizkaia.net) euskara taldeak, aldundiko langileez osaturiko taldea, bizkaitarrak aurtengo errenta aitorpena euskaraz egin dezazuen animatu nahi zaituztegu.

Langile, zergadunaren arteko ahoz-ahoko euskarazko harremanak gero eta ugariagoak diren garai honetan, idatzizko aitorpenak ez ditugu bilakaera honetatik kanpo utzi nahi. Horrela bada, lagundu gaitzazue euskarari bultzada hau ematen eta egizue aurtengo errenta aitorpena euskaraz!

Honetarako:

• Errenta aitorpena Ogasunak zuzenean egiten badizu, gutunak berak aldaketaren bat egiteko telefono zenbaki bat adieraziko dizu, bertara deitu eta hizkuntza aldatuko dizute hurrengo urteko errentarako.

• Errenta aitorpena banketxe, aholkularitza baten bidez edo zuk zeuk egiten baduzu, laguntza programak euskaraz egiteko aukera ematen dizu arazorik gabe. Euskara bultzatzea guztion esku dago, eta elkarlanean bada hobe!

Bilatu