Alizia Iribarren Andueza (*)

Erriberan ere, Euskaraz Bizi Nahi Dugu!

Azpian sinatzen dugunok, Tuterako AEKko euskaltegiko euskara ikasle eta irakasleak gara. Euskara ikasten ari gara gure hizkuntza delako, Nafar guztion hizkuntza delako. Euskara ikasten ari gara, Euskaraz bizi nahi dugulako, bai, Erriberan ere euskaraz bizi nahi dugulako. Guztiok ezagutzen ditugu bertan ditugun oztopoak, egoera sozio-linguistikoak ez du laguntzen, eta Nafar Gobernuak ‘Vascuenceren legea’ indarrean jarri zuenetik, euskaldunok ditugun eskubideak urratzen zaizkigu. Bai, hala da, hizkuntza komunitate bateko kide guztiok hizkuntza honetan bizi ahal izateko eskubidea izan badugu, baina legearen izenean, horiek ukatzen zaizkigu.

‘Vascuenceren legea’ren zonifikazioaren arabera, zonalde ez euskaldunean bizi gara eta horregatik ez dugu euskara ikasteko inolako laguntzarik, ezin dugu administrazioarekin gure hizkuntzan harremanik izan, bertako haurrek eta nerabeek ezin dituzte ikasketak euskaraz burutu....eta abar, eta abar. Nafar Gobernuak euskararen kontra daraman politika, lurralde honetan egon daitekeen euskararen arrastoa ezabatzekoa da (errepideetako norabide txartelak aldatuz, eraikinetako euskarazko izendapenak kenduz...) Euskara eta euskaldunon bazterketa bilatzen badute ere, guk euskara ikasten eta euskaraz bizitzen jarraituko dugu. Bestetik, euskaltegiek ematen duten zerbitzua goraipatu nahi dugu. Euskaltegiek egiten duten lana ezinbestekoa da eta gobernuak hauen itotzea besterik ez du bilatzen, zituzten diru-laguntza urriak erabat kentzen. Egoera jasangaitz hau salatzeko, datorren larunbatean, martxoaren 22an Iruñeara joanen gara eta euskara ikasle, euskaldun eta euskaltzale guztiak bertara joatera animatu nahi ditugu, euskara bizirik dagoela eta egonen dela esatera eta gure eskubideak aldarrikatzera.

(*) Sinatzen dute ere: Javier Urdin, José Antonio Cabello, Santi Sainz, Miguel Dominguez, Xabi Calvo, Nuria Bondesio eta Aris Fuentes.

Bilatu