Iñigo Alberdi, Eibarko «vending» enpresa bateko bazkidea

Eskerrak Gipuzkoako Ogasunari

Vending (makina automatikoak) enpresa txiki bateko sozio bat naiz eta bihotz bihotzez eman nahi dizkiot eskerrak Gipuzkoako Ogasunari ticketBAI proiektua martxan jartzeagatik. Iruzurrari aurre egiteko asmotan gure makina bakoitza online eurekin kontaktuan egotea eskatu digute eta ateratzen den produktu bakoitzaren berri izatea zuzen-zuzenean. Benetan eredugarri! Sistema hau martxan jartzeak, gure kasuan, 30.000 euroko gastua izango du gutxi gora behera eta gainera hilero 1.000 euro gehiago datuak online bidaltzeko.

Gipuzkoako Ogasunak, noski, gure ahalegin guzti hau ondo ulertu du eta laguntzak emango dizkigu, jakina. Oraindik oso garbi ez dagoen arren, 3.000 bat euro izango omen ditugu gastu guzti hauei aurre egin ahal izateko. Gipuzkoan zergak ordaintzearen abantailak! Euren egoitzak Gipuzkoatik kanpo dituzten enpresek ez dute laguntzarik. Ez dute laguntzarik ez dutelako sistema hau martxan jarri beharrik. Hauxe da Gipuzkoako Ogasunak enpresa txikiei laguntzeko egiten diharduena.

Gure lanbidean, urtero inbertsio haundiak egin beharra izaten dugu (haundiak gure tamainako enpresatxo batentzat, jakina) diru mordo bat behar dugu makina berriak erosteko, poliki poliki zahartu egiten direlako edo hondatu. Produktu guztien prezioak gora doaz eta guretzat zaila da etengabe prezioak eguneratzen ibili beharra, bezeroa bera ere ez da eta konforme izaten. «Gastu extra» honekin gurea bezalako enpresa asko desagertuko dira, beti ere enpresa haundien onuran, Gipuzkoan zergarik ordaintzen ez duten enpresa haundiak gainera. Horrexegatik berriz diot: mila esker Gipuzkoako Ogasunari.

Bilatu