Eskubideen etengabeko urraketak
Otsailak 5. Bidegorritik bizikletaz. Txakur bat aske, atzetik zaunka, ni beldurtu, balazta sakatu, eta lurrera ziplo erori. Sekulako mina hartu, zorabiatu, txarrena pentsatu, eta bete-betean, asmatu. Bitartean, oinezkoak laguntzera etorri. Tartean, txakurraren jabea, anbulantziakoak, udaltzainak. Ohiko galderak, ohiko erantzunak, gazteleraz, badaezpada, nahiz eta nik euskaraz egin.
NI-NO! NI-NO! Gurutzetako ospitalera, larrialdietara. Eguardiko ordu bata inguruan. Asmoa etxean bazkaltzea, baina Osakidetzako asistentzia kartara, eta ordu biak, hirurak, laurak, bostak… bertan oraindik. Igeltsua ukondoan itxuroso jarri, eta etxera elbarri. Mugimenduak baldar, denetarako laguntza behar. Aseguruaren poliza eskuan, telefonoaren zenbakia buruan.
PI! PI! PI! Bai, esan! Txakurra, istripua, ukondorena… kontatu. Itxoin pixka batean; beste batekin jarriko zaitut, erantzun. Malaga, Bartzelonara… deitu. Itxoin pixka batean; beste batekin jarriko zaitut, erantzun. Abokatu bat izango duzu, baina bi edo hiru egun barru deitu ezean, zuk deitu. Txakurra, istripua, ukondorena… kontatu. Itxoin pixka batean; beste batekin jarriko zaitut, erantzun. Nazkatu, umiliatu, eta honela jarraitu.
Otsailak 12. Udaltzainek Algortako polizia etxera joateko deitu, bertara abiatu. Galderak entzun, amorruak erantzun: Zer ordutan izan zen? Nola du izena jausitako lekuak? Istripua eta gero, jabeak txakurra kateatu zuen? Txakurraren jabeak ez dit deitu; zertarako? Eskubideen etengabeko urraketak. Nazkatu, umiliatu, honela jarraitu.