Xanti Begiristain Madotz

Etxarri Larraungo oztopo arkitektonikoak

Sei urte ingururekin hasi nintzen joaten Etxarriko eskolara, oinez, Behiko Bordatik. Orduan, herriko kaleak oraindik asfaltatu gabe zeuden. Handik gutxira, ongi gogoratzen dut, eskolan ari ginela, jardun ziren kaleak berritzen, konpontzen eta, batez ere, porlanez jartzen. Geroztik, uste dut, oso aldaketa gutxi egin direla Etxarriko kaleetan, beharbada, nabarmenenak, handik urte batzuetara, zenbait lekutan, galipota jarri izana izanen ziren. Askoz gehiago, iruditzen zait, ez dela aldatu, eta, garai hartatik hona pasatu dira dagoeneko 50 urte.

    Kontua da, badagoela porlanezko arrapala bat egina elizako atari aurrean (konjuru leku parean, eta, bide batez esanda, segur aski, pikoegia), bertara sartu ahal izateko. Egina eramen ditu gutxienez 10-12 urte, oso oker ez banago, behinik behin. Baina, kontua da, ez plaza aldetik ez eskola aldetik, inondik ere ezin dela iritsi arrapala hartaraino gurpil-aulkian, norbaiten laguntzarekin ez baldin bada behintzat, eta, orduan nire galdera hauxe da: zer pintatzen ote du han arrapala hark hainbeste urtetan, ezin badu bete bere eginkizuna? Inondik ere, ematen du ez duela logika handirik egoera berean mantentzeak.

    Jende gehiena beharbada ez da konturatuko, baina plazatik eskolara eta alderantziz, gurpil-aulkian pasatu behar dugun bakoitzean, elizaren atzeko aldetik barna ibili behar izaten dugu, eta horrek esan nahi du metro gehiago egin behar direla (askotan bakarrik), aldapa kaskar batekin, eta eguraldia txarra baldin badago, egurats gorrian. Eliza eta Apezetxe artean igarota, motzagoa da, eta aldi berean gordeagoa eguratsetik. Atzeko aldean ibilita, urtero etortzen zait burura Iruñeko udaletxeko irudia, alegia, Yolanda Barcina andreak bere garaian egin nahi izan ez zuelako udaletxeko aurreko sarreraren egokitzapena, lau urtez ibili behar izan nuen gora eta behera, atzeko aldetik eta bakarrik.

    Hori guztia ikusita, joan den urtean animatu nintzen Etxarriko kontzejuko zinegotzi bati eskaera eta iradokizun batzuk egitera. Berak, idatziz jartzeko erregutu zidan, eta halaxe egin nuen. Bide batez ere, eskatzen nuen eskolako sarbideari konponbideren bat emateko, herriko eraikina delako eta gainera erabilera publikokoa, bazkariak, afariak, dantzariak, mus saioak, musika, hamaiketakoak, bertsolari saioak eta abar hantxe egin izan direlako azken urteotan guztiotan. Nire ustez, bi posibilitate daude: eliza aldetik bat, eta Lopitxene aldetik beste bat, baina hori, betiere, arkitektoek erabaki beharko dute zein den aukerarik egokiena. Ez dut aipatu gabe ere utzi nahi, eskolako sarreran bertan egin beharko litzatekeen moldaketa, gurpil-aulkiz errazago ibiltzeko, eta beste horrenbeste elizako atean bertan; horiek ere arkitektoek ebatzi beharko lituzkete nola egin. Azkenik, ez dut ahaztu nahi hilerria (kanposantua), oraintxe bertan ez dakit norena den, baina ez dut dudarik egiten, Etxarriko herritarrei zerbitzu publikoa ematen diela. Egia esan, ez dakit nola dagoen sartzeko gurpil-aulkian, azken urteotan joan naizenean, beti itxita topatu baitut. Dena den, ongi baldin badago, aurrera!, eta sarrera desegokia balitz, ba, uste dut egokitu beharko litzatekeela, etxarriarren artean diferentziarik izan ez dadin, ezta azken momentuan ere. Egia esatera, aitortu behar dut gustukoa dudala tarteka-marteka bisitatzea, lehenago alde egin diguten ezagunak. Auritzen, konparaziora, hilerria gau eta egun egoten da irekita eta noiznahi sar daiteke edozein pertsona.

    Puntu honetara ailegatuta, azpimarratu nahi dut zeinen nekeza, morrontzazkoa eta aspergarria den beti norbaiten laguntzaren menpean ibili behar izatea, alde batetik bestera normaltasunez mugitu ahal izateko; nik ez diot inori opa horrelakorik. Esan bezala, joan den urteko eskaera egin nion Etxarriko kontzejuari, batez ere, baldin eta dirua bazuen erabilgarri. Urtebete igaro denean, ikusi dut oztopo arkitektonikoak egoera berberean daudela, eta, gainera entzun dut, beste pertsonaren batek ere eskatu omen duela antzeko zerbait. Bestalde, lan horiek ez dut uste aparteko aurrekonturik eskatuko luketenik; ez zait iruditzen oso garestiak izan litezkeenik. Gainera, jakin dut kontzejuak baduela diru pixka bat, lan horiek egin ahal izateko eta baita gehixeagorako ere.

    Jakin beharra dago, aurtengo jaietan, igandean, esate baterako, ama eta biok prest ginela Basakaitz Dantza Taldearen emanaldia ikusteko herriko plazan, baina euria egin zuenez gero, azken orduan erabaki zuten hamaiketakoa eta dantza emanaldia eskola barruan egitea, ondorioz, amak eta biok auto barruan ordubete eman ondoren, atertuko zuen itxaropenarekin, azkenean etxera joan behar izan genuen, eskolako ekitaldi guztiak galduta, azken momentuan ez ibiltzeagatik presaka eta lasterka eskolara sartzeko, modu txarrean, bi gurpil-aulkitan.

    Kontatu dudan guztia azken 50 urteotan gertatu bada ere, nik behintzat, nahi nuke beste 50 pasatu baino lehen, ibili ahal izatea Etxarriko kale eta eraikin publikoetan, gainerako herritar guztiak bezalaxe, menpekotasunik gabe. Ea egia den, eta On Joxe Miel Barandiaran gizon jatorra bezainbeste zahartu baino lehen, dudan moldaketa horiek ezagutzeko zori ona.

Bilatu