Unai Villacorta Rollan

Euskal presoen alde arraunean

Aurten ere polemika sortu da Kontxako estropadan garaileetako batek euskal presoen aldeko mezua zabaldu duelako. Horrekin batera betiko topikoetako bat bota dute zenbaitzuek: kirola eta politika ez direla nahasi behar. Ez dira nahasi behar baldin eta zapalduen bandoan baldin bazaude noski, zapaltzaileek erabaki politikoen ondorioz debekatzen baitiete euskal kirolariei mundu mailan Ikurriñapean lehiatzeari.

Kirolaren bitartez lortu dute Getaria bezalako herri euskaldun batean arraunlariek espainiako bandera kaleetan eta udaletxean harro astintzea, edo Hondarribian egun luzeetan zehar hamarka piperpoto kale nagusian eskegirik ikustea. Kirol garaipen bat ospatzen dutela esango dute... baina espainiako banderarekin... Luzerako emango lukeen beste eztabaida bat da ordea.

Zapalduok kirola eta politika elkarlotzen ditugunean ordea akabo! Urkullu bera ere atera da datu batzuk plazaratuz (baimena eskatu diela espero dut, fokoen erdigunean jarri baititu...). Urkulluk. bistan da, ez gaitu besteok inoiz aipatzen: senide eta lagun torturatuak, bahituak eta sakabanatuak ditugun edo izan ditugun hamarnaka arraunlariak. Bizitzako lehen 15 urteetan miliaka kilometro egitera kondenatuak izan garen arrunlariak, bide istripuak barne. Senideen sufrimenduz beteriko tortura lekukotzak irakurri ditugun arraunlariak. Espainiar estatuak eraildako senideak dituzten arraunlariak... eta abar luze bat.

Nik ere eman dudan palada bakoitzean euskal preso politikoak bihotzean izan ditut, eta naturalki, izan ditudan garaipen, momentu zoriontsuetan oso gogoan izan ditut. Neure egiten ditut beraz Taberok Kontxako bandera prestigiotsua irabaztean errandakoak. Iurgi, Sanse, Gaztelu eta beste guztiak etxera orain!

Bukatzeko, Urkulluk jakin dezala abertzaleok egiteko dugun bide bakarra, herriaren askatasunaren bidea dela!

Bilatu