Lander Labajo Laraudogoitia

Euskara putzu sakon eta ilun bat da

2022ko ekainaren 16an jasotakoak hori berresten du, besterik ez.

Berangoko Urtiñe Ostaikoa baserritik barazkiak ekoiztu eta banatu egiten doguz, eta eguenero bezala, Algortan eskaerak utzi ostean baserrira bueltan, Ertzaintzaren patrol bategaz gurutzatu naz eta eurak ni ikustean buelta eman dabela igerri dot. Ni, lasai. Etxera ailega baino lelau argiak jarri eta bazterrera bota naute. Inongo azalpen barik eta oso modu harroan dokumentazio eta kotxeko papelak eskatu dostie agintea erakusten zuen bietariko nagusienak. Nik euskerazko arreta eskatu dotziet eta, gure alde lan egiten dauzen uniformedunak: «tú dame los papeles y toda la documentación y, si eso, luego hablas con mi compañero». Bere jarrera oldarkorraren aurrean, burua makurtu eta, edozein isun edo liskar eragin aurretik, hobe nuela holan mantentzea pentsau dot neure barrura. Dokumentazio dana konprobatu eta neuregana etorri zait segurtasun uhala jarrita ote neraman galdetzen; baietz esan dotset, gainera horrela zan. Ez zaiola argi geratu eta horren kontura salaketa jartzeko zala baina beste barik bazihoazela.

Orduan, nire erantzuna, nik neuk salatu gure nenduzala izan da, neure euskaraz arreta emoteko eskaera eta eskubideari jaramonik ez egiteagatik. «No te entiendo, hay dos lenguas oficiales y yo te hablo en una y ya está. Prosiga su marcha».

Neuk momentu horretan euren zenbakiak eta salaketa bideratzeko neure eskubidea azaltzen nengoela, oso egoera ez lasaian, sufritzen ari naizen trigemino neuralgiaren kolpe bat jaso dot, beraz ixilik mantendu behar izan naiz eta etxera, etxekoen babesera, hurbildu. Baina neure salatzeko gogoa ez da bertan gelditu, hau jasanezina da. Euskalduna naiz eta harro nago. Eta halako uniformedun harroputzek, zipaioak bizirik dauzela besterik ez doste egiaztatzen, euskararen kontrako militante gisa. Honek, «euskara da gure territorio libre bakarra» leloa zapuzten du, kolonialistek gure askatasun hori eraso nahi dutelaren sentsazioa areagotuz. Lasai, normalizazioaren alde jarraituko dugu lanean, anormalkuntza guztien gainetik eta sasi guztien azpitik.

«(...) eta zuek denok ur gazi bat atera zenuten handik nekez!».

Euskal Herrian euskaraz!

Bilatu