Euskaraz eztanda egingo du!
Sestaoko Euskaldunok sasoi honetan pozaren pozez egon gaitezke euskararen eguna duela gutxi izan dugu eta! Euskararen normalizazioa lortzeko aurrerapausoa bada ere, ez da nahikoa.
Izan ere, hizkuntza bat ez da sustatzen berezko egun bat izateagatik, baizik eta egunero erabiltzeagatik. Berbalagun taldeek, Sestaon zein gainerako herrietan, hori hartu dute egitasmotzat eta horri ekiten diote ahal duten bakoitzean. Aipatu beharra dago euskararen mintzapraktika bultzatzen duen taldearen egoera hagitz lotsagarria dela Sestaon.
Berbalagunak, besteak beste, euskara ia hilda dagoen herrietan berpizten saiatzen dira musutruk. Nire uste apalean, txalotzeko modukoa da. Hala ere, badirudi Sestaoko Udalak ez duela gaiaren inguruko iritzi bera. Sestaoarrok zergak ordaintzen ditugu eta horrek, herritar parte hartzaileak garen heinean, eskubide batzuk izateko aukera bermatu beharko liguke.
Tamalez, teoria praktika baino politagoa da. Nork daki nora joaten den normalizaziorako Udal honek jasotzen duen diru-laguntza? Ez dakit nora joaten den, baina zalantzarik gabe esan dezaket ez doala arnasgune garen Berbalagunen babeserako. Ez gaizki ulertu!
Aurretik esan bezala, Berbalagunak musutruk elkartzen dira. Haatik, euskara ikasi eta praktikatu gura duten lagun horien atzean, hori posible egiten duten antolatzaileak, ekintzak eta intentzio oso onak daude, zeinek aurrekonturik eta babesik jasotzen ez duten.
Sestaoarrok euskarak eztanda egitea eragotzi nahi badugu, hizkuntza euskararen egunetik at ere egin behar dugu eta Berbalagunek egiten duten bezala, egunero erabili. Era berean, Sestaoko Udalak ere argi izan beharko luke euskara benetan normalizatu nahi duen ala egun bateko ospakizuna bultzatzearekin nahikoa duen.