German Gorraiz Lopez | Otsagabia

Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE): Nafarroan ospatua zer?

Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) Eusko Ikaskuntzak 1949an sortu zuen, «euskararen balio unibertsala aldarrikatzeko eguna», eta XXI. mendean, gizarteko aldaketa eta erronka berrietara egokituz, EIk euskal hizkuntzari bere lan-arlo guztietan gogo biziz eutsi dio. ENE, abenduaren 3an ospatu ohi da, Xabierko Frantziskoren heriotzaren eguna oroimenean, zeren kondairak dioenez, bere azken hitzak ama hizkuntza baliatuz xuxurlatu omen baitzituen, eta aurten, Eusko Jaurlaritzak ‘Mundiala”’leloa aukeratu du, munduan zehar barreiaturik dauden ‘Euskal Etxeetan’ jai eta ekitaldi ugari antolatuz, gure hizkuntza nazioartekoa dela aldarrikatzeko asmoz.

Dena den, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, aldarrikatzeko eta euskararekiko konpromisoa adierazteko eguna bada ere, euskararen erabilera normalizaziotik urrun dago oraindik. Horrela, nahiz eta orain dela 20 urte baino 181.000 elebidun gehiago egon EAEn, biztanle euskaldunon artean, %20k euskararen erabilerari lehentasuna ematen dio, eta beste %8,9k bi hizkuntza tartekatzen ditu, euskararen erabilera areagotzeko xedea geratuz.

Bestalde, ‘Linguae Vasconum Primitiae’-ren sorterrian, Nafar Erreinu Zaharrean hain zuzen ere, euskararen egoera kezkagarria da oso, zeren Nafarroa Oinezen oihartzun mediatikoaz gain, errealitate gordinak frogatzen du Nafarroan euskararen hedapena geldialdirantz doala, azken 15 urteotan gorakada ñimiño bat gertatu bada ere. Nafarroako euskararen egoera zalantzagarria ikusirik, gogoeta sakonaren eta kritika eraikitzailearen beharra badugula ondorioztatzen da, zeren euskararen ahuleziak euskaraz bizitzeko konpromisoa hartzeko eskatzen digu, hots, euskaldunok, erabiltzen dugun euskara gaurkotu, hobetu eta bere erabilera areagotu eta erdaldunok, euskara ikasteari gogotsu ekin, zeren euskararen erabileran baitago etorkizunaren giltzarria.

Bestalde, denontzat ezaguna da Nafarroako Gobernuaren euskararekiko jarrera, behin eta berriz euskararen kontrako legeak ematen, beharrezkoak diren diru-laguntzak murrizten eta epaitegiek Gobernuaren kontra emandako epaiak aintzat hartu gabe, hots, bere legetasuna bete gabe. Gainera, UPNk 1986an ezarritako «Ley del Vascuence» legeak indarrean mantentzen zituen zonifikazio linguistikoak behin eta berriz mantentzearen alde egin dute Nafarroako parlamentuan ‘gehiengo absolutua’ duten alderdiek —UPN eta PSN–, baina 2010eko otsaileko 18an Euskararen Foru Legearen aldaketa bakarra onartu zen, eta haren bidez, Iruñea hegoaldeko hainbat udal (Galar, Belaskoain eta Aranguren) «Zona Misto»-ra pasa ziren.

Aurrekaria kontuan izanda eta Barcina-ren gobernuaren gaurko bakardade politikoa ikusirik, zonifikazio linguistikoaren aldaketa berria erdiesteko momentu aproposa izango litzatekeela ondorioztatzen da, Nafarroako zona linguistikoen gaurko kartografia birdiseinatuz eta D ereduko ikastetxeen mapa erradiala hedatuz, zeren gauzak aldatzen ez badira, epe ertainera euskararen kartografia txikituko da, foru lurraldean barreiaturik dauden uhartetxo ideologiko edo sentimentaletan eta Nafarroako ipar-mendebaldeko eta ekialdeko ohiko zokoetan «preso» geratuz.

Beraz, Nafarroako euskararen geldialdia edo «fosilizazioa» saihesteak ahalegin eskerga eskatuko digu euskaldunoi. Hori ekiditeko, euskararen aldeko aurrekontuak areagotzea premiazkoa da, euskara eguneroko bizitzaren arlo guztietan ikusgai izateko eta Nafarroan bizi garenontzat euskara ondasun kulturala eta batzeko tresna bilaka dadin.

Bilatu