Josu Naberan, idazlea

Ez dira txikerkeriak, mister

GKS, Gazte Koordinakunde Sozialista. EH Bildu, hauteskunde plataforma. Ez dira gauza bera, noski, argi dager beren sigletan. Izan ere, berez gauza txit desberdinak dituzu: bata hauteskundeetarako sortua; bestea (GKS) gaztediaren ezkerreko alternatiba.

Hortaz, ezker aldean krisia? Ez da zertan, azaltzen saiatuko naizenez. Halere, ez da txikerkeria bat, norbaitek esan bezala, baizik eta bi ikuspuntu desberdintsu sakon-sakonean. Eta hori ez da gertatzen lehen aldiz, baizik eta «ziklikoa» duk, beste norbaitek esan bezala. Gogora ETA V. eta ETA VI. auzia.

Ni bosgarren pisuan bizi naiz («vivo en el quinto piso», gazteleraz idatzi behar-eta) abisatu zigun batek Zamorako kartzelara, klabean. «Bada, ni seigarren pisuan», pentsatu nuen. Dena den, handik barrutik irten arte, beste zeregin batzuk genituen; lehenik eta behin, preso ororen lehen obligazioa: ihes egiten saiatzea.

Hala joan ziren gauzak, bai barruan, baita kanpoan. Eta ez zen gertatu tragedia konponezinik, soinekoak urratzeko modukorik behintzat. Naziotasuna duk bizkarrezurra, diote orain ere batzuek; Sozialismoa (komunismoa) duk premia-premiazko, azpimarratzen beste batzuek. Bilduzale gehienentzat, naziotasuna da ardatz; GKSrentzat, barriz, oraintxe duk une egokiena Sozialismoa eraikitzen hasteko, jarduera eta ekintza konkretuen bidez.

Bi ikuspegi, bai. Bi planteamendu eta ibilbide. Baina zer? Hain larria ote da hori? «Alarma egoera» aldarrikatzeko modukoa? Soinekoak urratzeko modukoa? Ez diat uste. Naziotasuna azpimarratzen dutenei «txobinista» deitu behar al zaie?; eta Sozialismoa azpimarratzen dutei «likidazionista»?

Euskal Herrian tamalgarri izan ziren «Bandarizoak», Banderizoen borrokak. Den-denak euskaldunak izan eta bata bestearen gazteluak suntsitzen. Hura bai jarrera tamalgarria benetan. Baina harako hark iraun egiten duela dirudi gaur egun ere, zoritxarrez, zorigaitzez.

Halere, inor ez dago soberan iraultzarako orduan, bidegurutze hüntago garaian. Egin beza bakoitzak berak hoberen dakiena, eta ez jarri elkarri trabarik, are gutxiago zangotrabarik.

Aski traba jartzen digu-eta etsaiak. Eta batik bat, ez ahaztu Etsaia zein den. Ez desarratu eta tiroa erratu.

Bilatu