Ainara Maia Urrotz

Ez erran nehoiz nehoiz ere ez

Urteroko bertso-saioa dugu Oiartzungo urte berrikoa, tradizioa bilakatu dena halabeharrez, baina urtero azkena izatea desio duguna: euskal presoen hurbiltzea edota etxeratzea eskatzeko antolatu zen iragan ilbeltzaren 7an Oiartzunen, bertsolari onenekin, eta azkena izanen ahal da helburu horrekin!

Oiartzungo bertso-eskolako gazteek jarritako puntuei erantzun zieten zortzi bertsolariek, eta haur bat ere agertu zen oholtza gainean motxila bete ilusio eta ametsekin, laster preso dagoen gurasoa etxean egoteko desirarekin alegia.

Oiartzungo bertsoaldi gozagarrian penak sakelan sartzeko gonbita egin ziguten, pozaren bila abiatzeko, ametsak eta irribarreak motxilatik atera, eta arazoak elkarbanatuz motxila arinagotzeko. Eta ez erran nehoiz nehoiz ere ez, azkena ez da izanen, azkena denak aske garelarik eginen baitugu bertsoaldirik ederrena.

Beraz, abia gaitezen Zilarrezko Itsasoan Urrezko Orraziaren bila, zorionaren bila, gure barnera alegia, norbere bihotza entzuteko ausardia ukanez, eta ni neu ere urrezko soltera edo ezkongabea naiz beldurrei aurre eginez gizon ausarta agertzen zaidan arte.

Amets Arzalluzek bizarra mozteko makina aurkitu bitartean, ez du mozteko bizarrik, eta nik ere ez dut ile-adatsik moztuko preso guztiak libre izan arte!

Bilatu