Fidel-Durango-Martí-Sabin
Azaroaren azken aldera Sta. Zezilia musikarien patroia eta gure artean bazkari-afarietan ohiko Festara, Illunabarra etabar sonoroen ondoren, nire gomutan, beste beroago ta gutarrago batzuk kantatzen zituzten gu baino nagusiagoek, lege haustearen ausardiaz eta horietako bat hau genuen:
«Sabin (Marti) no debió de morir/
por ser el Maestro y el guía/
si Sabin (Marti) no hubiera muerto/
otro gallo cantaría/
la Patria se salvaría/
y Euskadi (Cuba) sería feliz»
Nik kantu hau 60.n hamarkadan entzun-ikasi nuen Ijorretan. Gure euskotar nagusiok jarraitzen zuten esanez: «Cubako abesti bat dok hau, Marti zuan hango euron Maixu heroea, baina izena aldatuta guretzat be balio jok …»
Sabin Arana Goiri azaroaren 25 baten hil zen. Gure herritarrek Marti maisuarekin alderatu zuten Cubak jaretsi zuen independentzia amestuz. Fidel Castro azaroaren 25ean hil da eta errautsak Martiren ondoan loratuko omen dira.
Durango Euskal Liburu eta Diskoen kapitala izan dugun honetan berri bitxi bat: durangar anaia abade bi, 36ko gudagatik errepresaliatuak, Durangoko Kurutziaga arrabalekoak, Cubara joan ziren don Fermin eta don Manuel Madariaga Ariño. Don Manuelek, Santiagoko Vicario Nagusi, Fidel Castro eta Mirta Días-Balart aldare aurrean esposatu zituen, don Fermin testigu ta laguntzaile bertan zela.
Korapiloa gehitxoago estutuz, igan zaigun azaro honetan gure hurbileko poeta den Joseba Sarrionandiak hari lauso horretan kulunkan Euskararen katedra-aulkitxoa erdietsi du Martik bizi izandako eta Sabinek amestutako Antilla zintzilikatuan.