Flatus Vocis, PPren diseinua
Ekainan 26an hauteskundeak. Sondeoak etengabe boto emaileen intentzioak plazaratzen aritu dira. Badirudi sailkapena aski garbi ikusten dela gehiengo osorik gabe.
Partido Popularrak kanpaina bikaina egin duela aitortu beharra dago. Kanpaina diseinua artez asmatu, eratu eta erabili du. Erdiaroko Flatus Vocis, hots, hitz hutsak erabiltzen zen esaldi filosofikoan oinarritzen da PPren diseinua. Hitz hutsak, sentsu gutxiko hitzak, gezurrak, erdi egiak baina egiak eta onak balira bezela aurkeztuta bere botoemaile selektoarentzat. Hori izan da mendez mende eskubiak erabili duen taktika toki guztietan. Gaur ere bai. Ondo pentsatutako jokamoldeak erabili dituzte. Eta isildu behar denean txiton naiz eta oposizioak axaxatu.
Kanpaina honetan PPko buruzagi guztiek gidoia zorrotz errespetatu dute. Bakarren bat, nonbait jakituri handikoa erantzun zabalak ematen saiatu omen da solasaldiren batean. Belarriak ondo berotu zioten eta geroztik ez da agertu.
Ustelkeriaren eta korrupzioaren zipristinak etengabe barreiatuak izan dira. Zaparrada hoiek guztiak jasota Hautezkuneak irabaztea benetan ikarragarria da.
Bere basearentzat diseinu egokia eta garbia erabili dute. Ez gehiengoa ateratzeko alderdi indartsuena, bozkatuena izateko baizik.
Legealdi osoan zehar hartu dituzten neurriak, zorrotz kritikatuak izan badira ere Flatus Vocis delakoa aplikatuz buelta ematen iaioak izan dira.Bestela ezinezkoa litzateke tente irautea. Murrizketak, korrupzioa, ustelkeria, herritarren txirotzea eta abar luzea. Partido Polularrak jaso dituen bekotz eta kaka zipristinekin satsa, ximaurra ongarria bihurtu du bere lurra elikatzeko merito hori ezin zaio ukatu.
Aldedi Sozialista, noraezean
Alderdi Sozialistak ere egin du kanpaina. Mirarirenbat ez bada, porrota gainean duela iragarri daiteke. Izan ere garbi agertu da, entzun dioguna etzun da, kanpaina diseinua, baldin egin badute, guztiz erratua izan da. Gainera aurpegia eman dutenek politiko maila eskasa dutela aski nabarmena da. «Ni onena, zintzoena, langileena, esandakoa bete egiten duena, ni,ni,ni naiz…» «Rajoy eta Iglesias, bi ertzen arteko akordioak eragotzi zidan Presidentziarako bidea.» Kontu hau dozena bat aldiz errepikatu zuen lauko debatean, Sanchez jaunak. Benetan aspergarria. Aspergarria ez ezik sarritan kaka zipristinak aurpegiratzeak efektu bumerana eragiten du eta hala gertatu da. Hitzak ugari, pozoina gainezka eta benetako arazoen aurrean erantzun eskasa. Latigiloak ugari gehienak gogaikarri.Ahoa ongi puztu behar da tamainako antzukeriak esateko. Benetako alternatibak gutxi eta ulergaitz azalduta.
Zer egingo du 26a ondoren? Kanbioa behar omen da baina ez du esaten horretarako ze aldetara egingo duen, norekin elkartuko den. Berak gurdian boto zama eskasia izango du eta duena norantz irauliko ote du? Guk eskerreko blokera joko duen itxaropenik ez dugu, tamalez. Alderdi Sozialistak, S eta O galdu dituenetik, ez dago gauza onik. Hautezkude ondoren, ez harritu dimisio kontuak entzutea. Jende berria bai baina gaitasuna, apalak eta hilaren azkenera ailegatzeko estuasunak pasatzen dituztenak izan ditezela, behinik behin, batzuk.