Galdutakoan ere, irabazle gara
Jokoaren poza eta harmailen zirrara, biak elkartzeko sentimendu bat bada, herria bihotzean, ahoan euskara, galdutakoan ere, irabazle gara. Euskal selekzioaren alde Andoni Egañaren letrarekin Gozategik sortutako kantaren lehen estrofak dioena baino ez da. Baina bada zerbait.
Pasa den asteburuan, larunbatean Azkoitian eta igandean Oiartzunen, pilotan, euskal selekzioak Valentziakoaren aurka jokatu zuen joko zuzeneko hainbat modalitatetan, besteak beste, mutilak nazioartekoan eta «llarges» izenekoan eta neskan «one wall» bezala ezagutzen den horretan. Eta emaitzei dagokionez gure ordezkariek garaipenik lortu ez bazuten ere, besteak beste gure neska mutilentzat modalitate horiek ezezagunak eta berriak direlako, aipatu kantaz oroitu nintzen, bertan dion bezala, «galdutakoan ere, irabazle garelako». Nire ustetan, nortasunaren haritik euskaldunak bere selekzioarekin aritzea soilik, garaipen txiki bat baino ez delako gure herri zahar eta txiki onentzat.
Ea ba horretaz jabetzen garen eta beste hainbat modalitate eta kiroletan ere, urrats txiki horiek emateko gaitasuna eta ausardia izaten dugun. Hori ere, besteak beste, gure politikari batzuentzat modan jarri den Basque Country hitza, errealitate bihurtzeko modu egokienetako bat izan daitekeelako.