Teresa Toda, ‘Egin’-eko zuzendari-orde ohia

GARAren 25. urteurrena

Aspalditik hartutako konpromiso saihetsezin batengatik, ezin dut gaur zuekin fisikoki egon. Hala ere, zuen gonbidapena eskertuz, mezu honen bidez GARAri ibilbide luze eta oparoa opa nahi diot, Egini moztu zioten norabide berberean: kazetaritza konprometitua eta eguneratua, jendearen giza eskubide zein eskubide sozial, politiko, ekonomiko, nazionalaren... alde etengabe eginez.

Ez dira makalak aurrean dituzuen erronkak, bai teknologikoak, bai profesionalak. Iraganeko beste batzuk gainditu dituzue jada. Seguru nago etorkizuneko horiei aurre egiteko nahikoa irudimena, kemena eta lanean aritzeko gogoa izango duzuela, baita Artefaktu berriak sortzeko ere!

Gaur, gogora ekarri nahi nituen azken urte hauetan hil diren ‘Egin’-eko zuzendaritzako kideak, Manu Aranburu, Jose Ramon Aranguren, Isidro Murga eta, nola ez, Jabier Salutregi, zuzendari eta laguna. Baita  ‘Egin’-en itxiera eta epaiketengatik kaltetuak izan diren guztiak ere.

Bukatzeko, besarkada bana Gara-Naiz proiektuan erredakzioetan, harreran, bulego zein tailerretan lan egiten duzuen guztiei! Eskerrik asko hor jarraitzeagatik.

Bilatu