Iker Elizalde | Hendaiako auzapezordea eta Euskal Elkargoko hautetsia

Garraio zerga eta lurralde kolektibitatea

Azken aste hauetan asko hitz egin da, 11 langile baino gehiago duten enpresei aplikatu nahi zaien garraio zergari buruz. Nire ustez, zerga honen funtsa eta forma desberdindu beharko lirateke.

Funtsari dagokionez, uste dut denak ados garela esateko ipar Euskal Herriko lurralde osoari doakion kalitatezko garraio zerbitzu publiko bat nahi dugula. Eta horretarako, gure anbizio mailako baliabideak behar ditugu. NOTRE legearen bitartez eta hirigune elkargoei dagokienez garraio zerga da eskura dugun tresna edo, hobeki esanda, zerga. Eta zergatik ezingo litzateke kutsadura zerga bat aplikarazi eta erabili garraio publikoa finantzatzeko horren ordez?

Iruditzen zait horretan dugula lehen muga, eraman nahi ditugun anbiziozko politika publikoei begira. Mugak horiek areagotzen joanen dira konpetentzien eta lurralde proiektuaren inguruko gogoetak eramaten hasiko garen unean. Euskal Elkargoaren sorrerak ipar Euskal Herriak zinezko ezagupen instituzional eta politiko bat izatea ekarri du eta eskertzekoa da. Baina gure anbizioa harago doa! Erabakiak hemen bertan hartu daitezen nahi dugu eta ez Parisen. Euskal Elkargoaren sorrera eta egunerokotasunaren kudeaketa ez dira gure anbizioen oztopo izan behar.

Nire ustez, estatus bereziko Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapena berreskuratu behar dugu lehenbailehen eta elkarrizketa bide bat ireki gobernuarekin azken aldarri honen gauzapena adosteko.

Formari dagokionez, garraioaren zerga aplikatzeko erabilitako metodoa ez da egokia izan eta adosturiko hitzarmen fiskala zalantzan jarria izan da. Bide beretik, salatzekoa da hautetsi batzuen jarrera. Beren interes pertsonalak lehenetsi dituzte, interes kolektiboaren gainetik.

Bukatzeko erran nahiko nuke hurrengo hiriguneko kontseiluan zerga garraioaren deliberoa atzeratu beharko genukeela eta gogoetarako tartea ireki beharko litzatekeela lurralde poloetan, batez ere barnealdean, hautetsiak eta hunkituak diren enpresak barnebilduz. Tarte hori baliatu beharko litzateke, lurralde bakoitzak beharrezkoa duen kalitatezko garraio zerbitzu publikoa zein izan beharko litzatekeen definitzeko eta zerga garraioaren gauzapenaren epeak zehazteko.

Bilatu