Maria Pilar Arruiz Garcia

Gezurtiak

Donostian klima aldaketari buruzko konferentzia antolatu dutela-eta, egun hauetan bolo-bolo dabil hedabideetan «Change the change» esaldia.

Asensio diputatua berriro ere azaldu zaigu, beti bezala berak gustuko duen formatuan, inoren aurrean jarri gabe bakarrik eta gezurretan, esanez Foru Aldundiak neurriak hartu behar dituela klima aldaketa gerta ez dadin. Baina, Asensio jauna, zuk ederki dakizu eta errausten den guztiak karbono dioxidoa sortzen duela eta, beraz, klima aldaketarekin lotuta dagoela.

Errausketa = Klima aldaketa

Aldundiaren datuetatik ondorioztatzen da 110.000 tona hondakin sortu zela Gipuzkoan 2018 urtean. Kopuru hori behera doa urtez urte eta horren zati handi bat Donostia, Irun, Lasarte eta Hondarribian sortzen da, hau da, zabor gehien sortzen duten udalerrietan. Bertan ahalegin gehiago eginez gero, asko txikitu litzateke Gipuzkoan sortzen den errefusa kopurua. Baina, noski, Zubietako errauskailua 200.000 tonako jasotzeko dago diseinatua.

Oso gaizki planifikatua dago proiektua eta hasieratik Olano eta Asensio gezurretan ibili dira. Nola liteke, errauskailu bat egiten hastea, kontutan hartu gabe, lurralde honetan egun sortzen den eta etorkizunean sortuko den zaborra kontutan hartu gabe. Behin da berriro ukatu duzue herrialdetik kanpoko zaborra inportatzeko asmoa duzuela. Guztiok dakigu Urbaser enpresarekin sinatu duzuen kontratuan beraien esku utzi duzuela errauskailuaren kudeaketa. Ustelkeri kasuetan nahastutako enpresa horrek erabakiko du 200.000 tona arteko zaborra nondik lortu eta nola kudeatu, inongo kontrolik gabe erretzeko ahalmena bait du.

Gipuzkoarrok birziklatze lana ondo eginez gero, sortzen eta etorkizunean sortuko dugun zaborrarekin nekez beteko dugu eraikitzen ari diren bi labeetatik bat. Zertarako bigarrena? Gure ingurumena eta osasuna dago jokoan. Merezi al dugu Asensiok eta Olanok sinatu duten kontratu horretan jarritako baldintzak? Ez al diguzue egia zor gipuzkoar guztioi? Merezi al dugu gezurretan jarraitu eta benetan gertatuko dena ezkutatzen jarraitzea?

Zuen jarrera ez da batere dotorea. Hedabideetan irudikatzen zuten Zubietako Ingurumen Zentruak ez zuten tximiniarik bistan. Baina, jadanik argazkietan ikusten dira tximiniak, CO2, dioxinak… airera isuriko dituzten.

Olano eta Asensio, koldar batzuk zarete, mahai inguruetan parte hartzen ez zarete ausartzen? Zergatik ote da? Egia izkutatu eta gezurrak besterik esaten dituzuelako?

Klima aldaketaren kontra lana egin duten hedabideei ere deialdia luzatu nahi dizuegu, gai honetan dauden ikuspuntu guztiak azal ditzazuen, ezkutuan dauden gaiak azaleratzen eta egi erdiak edo gezur osoak salatzen.

Badakizue, zuek nahi izanez gero, gu prest gaudela Gipuzkoarrek merezi duten egia osatzen laguntzeko.

Bilatu