Joseba Otano Villanueva

Gobernu berriak euskaldunon hizkuntz eskubideak hankapean

Antza denez, PSOEko Maria Chivite berraukeratua izanen da asteartean, PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa alderdien botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Gaur ehun lagun inguru bildu gara Nafarroako Parlamentuaren aurrean, Nafarroako Gobernu berria izanen denaren euskararen inguruko programa gaitzesteko.

Gobernu akordioak euskararen ofizialtasunari atea ixten dio (antza denez, gainera, elkarbizitzaren izenean) eta horrek hizkuntz eskubideen ukoan eta euskaldunen diskriminazioan sakontzen du.

Hau da, orain arte bezala, administrazio gaztelaniadun elebakarra bultzatuko da. Departamentuen plan linguistikoak aipatzen dira, baina gutxi espero daiteke plan horietatik “herritar erdaldunen diskriminazioa saihestea” baldin bada irizpidea.

Bestaldetik, aurreko lau urteek eman dutena badakigu: Euskararen II. Plan Estrategikoa ez zen garatu (anbizio falta zuen arren), hezkuntza kontseilariak D ereduaren garapena oztopatu zuen (hor daude Mendigorriaren eta Lerinen kasuak), PAIren aldeko politika itsua bultzatu da, Hizkuntza Eskoletako euskara taldeetan murrizketak egin dira, Gobernuaren haur eskoletan euskarazko eskaintza ez da handitu, Lezkairuko ikastetxe berrian D eredua ezarriko den ez da batere segurua, helduen irakaskuntzan euskara ikasteko oztopoak izan dira, Mañeruko Udalari eremu mistoan sartzea ukatu zitzaion... Nafarroako Gobernuaren lan deialdietan oposizioa izan da nagusi (beraz, euskara baloratu gabe), Osasunbidean oposizio-lehiaketa egiten da eta hor euskararen balorazioa eremu mistoan desagertu da, frantsesa, ingelesa eta alemana Nafarroa osoan baloratzen diren bitartean, Plantilla Organikoko postu elebidunak (Hezkuntza kenduta) % 2 inguru dira…

Alderdi abertzale batzuk erabakigarriak dira Chiviteren inbestiduran, baina Geroa Bai zerbait saiatu den arren, batez ere bestelakoak izan dira bere kezkak, eta EH Bilduren euskararen aldeko presioa ez da inondik inora sumatu.

Gobernu honek euskaldunokiko jarrera aldatzen ez badu, euskaltzale asko aurrez aurre izanen gaitu.

Bilatu