Ane Loperena Montoya | DBH Astigarragan

Gure izenean ez!

DBH Astigarragan taldea osatzen dugun herritarroi larritzekoa eta salagarria iruditzen zaigu EAJk, bere herri programan, gure banderola beraiena egin eta hau politikoki erabiltzea.

Apirilaren 8an bildu ginen lehenengoz Zorione Etxezarraga alkatearekin eta Urkiri Salaberria Hezkuntza zinegotziarekin. Helburua zen, herri mugimendua aurkeztea eta bide batez, gure eskua luzatzea, elkarlanean, Astigarragan DBH ahalik eta azkarren lortzeko. Mugimendua osatzen dugun herritar taldea anitza da, bakoitzak bere pentsamendu eta sinesmen politikoak ditu, edo ez du sinesmen politikorik. Udalaren jarrera positiboa eta konprometitua zela esan ziguten.

Apirilaren 12an izan genuen bigarren eta azken zita. Gure nahia garbia zen: ez genuen nahi mugimendua eta haren irudia inork politikoki erabiltzerik eta Udal Hauteskundeak pasa arte ez genuen hasi berri dugun hartu-emana publiko egiterik nahi. Beraien erabateko adostasuna aurkeztu ziguten eta dokumentu bat izenpetu genuen, hori horrela izango zela bermatuko zuena.

Baina saldu egin gaituzte eta honek mindu eta amorratu gaitu. Batetik, herri mugimendu hau bere egin nahi izan duelako EAJk, eta bestetik, emandako hitza bete ez dutelako.

Astigarragak ez luke mugimendu honen beharrik izango Udal gobernuak bere lana burutu izan balu.

Hala ere, azken egunetan beste ahalegin bat egin dugu eta udal bozetarako hautagaiei Hezkuntzari buruzko euren ikuspegia plazaratzeko aukera eman diegu hezkuntzari buruzko mahai-inguru bat antolatuz. Baina aldi honetan ere ezezkoa eman digute EH Bilduk ez beste guztiek. Dena den, aurrerantzean ere harremanetan jarraituko dugu udal gobernu berriarekin, batez ere ikusita talde guztiek lehentasuntzat dutela hezkuntza.

DBH Astigarragan orain!

Bilatu