Aritz Soloeta Garmendia | Otxandio

Guztiz zinikoa

Irribarre karismatikoenetako baten jabea, amodiozko mezuen kudeatzaile finena. Mezu hipokrita bat ezbairik gabe, izan ere Mandela gaztea ezagutu gabe; erradikala, erreboltaria, ez genuke Mandela zaharra ezagutzea lortu izango.

Egun, hala ere garrantzitsuegia da indarkeriatik aldentzen garela behin eta berriz azpimarratzea. Estralurtar batek harriduraz behatuko lioke egoera honi, gizateria indarkeriaz zeharo kutsatua dagoela agerikoa baita. Mugei, esaterako, indarkeriaz eusten diegu, erregaiaz hornitzen jarraitzeko inbasioez baliatzen gara, salmenta hoberenak erakuzten dituzten liburu, film edota ordenagailu-jolasek indarkeriaren inguruan bira egiten dute.

Mendebaldeko politikari edota pentsalarien artean gutxi dira, bateren batzu izatekotan, benetako bakezale. Ikuspegi bikoitz hau beraz, hizkuntzaren kontrol aurreratu bati esker existitu daiteke bakarrik. Hala, indarkeria terminologia galtzaileen indarkeriaz erlazionatzen da esklusiboki. Garaileen indarkeria ezabatu egiten da.

Horra hor Mandelagaz gertatutakoa, Apartheid "erorketaren" ondotik bere pertsonaren neutralizazio prozesu orokor bat da aditu izan duguna. Guzti hau herrialde mendebaldarren gezur haundienetako bat berresteko, indarkeriren aurka gaudela, hain zuzen. Egoeraz egin dezakegun irakurketa guztiz zinikoa da. Izan ere mugimendu iraultzaile edota munduko ejertzito guztiek nahi baitute dena delako borrokaldietatik garaile atera. Horrela bada, definizioz guztiok behar genuke bakezale izan.

Bilatu