Aimar Sanz Azagirre

Handia, txikia, gurea... zirkua!

Ordiziako supermerkatu baten aldameneko orubean kokatuta, itxura txukuna erakusten duen karpa aurkitu genuen larunbat arratsaldeko lainopeko eguzkitan. Funtzioaren parte izateko aukera izan genuen… A ze gozatua! Nola azaldu?

Bertako sendiak erakusten duen ilusioa eta duintasuna eredu dira. Beharko lukete herri honetako beste egitasmo askotarako ere! Lana eta lana! Hogei persona inguru lanean… zenbat gehiago ote teloiaren ostean? Handia hitzarekin hasi eta berau da bertan bizitakoa hobekien deskribatzen duena; zuzeneko musika, malabareak, trapezista eta orekalariak, pailazoak… ordu t'erdiko ikuskizun paregabea. Txikia… onartu beharrean nago lehen begiratuan hori zela burura etortzen zitzaigun hitza. Aurreiritziak. Gurea; bai horixe, harrapatu eta parte ginela sentiarazi baitzigun eta azkenik… Zirkua! Zirkua hizki larriz!

Guzti hau, beherapenetako salneurrian, eta guretzat funtsezkoena, azkenean euskaraz!
Eskerrik asko Gure Zirkua… eta berau posible egin duzuen guztioi!

Bilatu