Ainara Maya Urroz | Olerkari irundarra, Debabarrena ESIko Euskara teknikaria

Heriotzaren ataria dugu bizitza, eta bizitzaren atea heriotza

Ortzian lore bat sortu da, lurrera izar bat erori den une honetan.

Laino guzien azpitik eta sasi guztien gainetik, gizon handia joateak bihotz-zimiko bat eragin dit, eta mundua desagertu zait ene baitan. Ene baitaratu naiz, eta emakumezko mundu txiki honetatik idazten hasi naiz haren hatsa behin hartu nuelako Senpereko Oxtikenian 2001ean, hatsa botatzen dizuet goxo eta maitasunez, neure izate osoz, nahiz eta oraindik neure burua ez asko ezagutu. Ez dakit mundua gizon-emakumearentzat egina den edo gizon-emakumea munduarentzat.

Bide bazterreko olerkari xume garenontzat, behinik behin, gure helburua ez da poesia saltzea, baina oroitzen naiz 2001eko apiril hartan Senpereko Hatsa Elkartean ezagutu berri nuen Joxanton Artzek umil nola erran zautan olerkigintza ogibide zuela, bere zentzu zabalenean edota metaforikoan. Olerkiaren funtsa norbere izaitea ematea zela erran nahi ote zidan horrekin?

Bide bazterrean hi eta ni kantari. Hemezortzi urteotan maisu isil izan dut "Hatsaren poesia"-ren bitartez bere hitzekin Hartzabal handia, eta geroztik, urtez urte neure izaitea eta onena ematen saiatu naiz poetikoki, zentzu zabalean eta metaforikoan ama izaten saiatu naiz, funtsezkoa naizen hau ezagutzen joan naizen neurrian. Artzek bere iluntasun-unea izan zuen 39 urtekin, eta nik ere adin bertsu horretan hasi nuen neure bizitzako une kritikoa, hil ala bizikoa, eta orain 41 urtekin eta jakin dudalarik Artze olerkari hats-emailea hil zaigula, neure izaitea zuei guztiei emateko gogo bizia izan dut. Barka, beharbada, handinahikeriaz jokatzen badut, eta politikoki zuzena ez banaiz.

Ama hil zaigu. Non dira goxotasuna eta samurtasuna mundu ero honetan? Maite zaitut publikoki erratea bekatu den garaiotan, non da gure izaitearen funtsa, bihotza eta maitasuna?

Bihotzberritzen naizelarik, argitaratu eta saldu gabe geratzen zaizikidan liburu guztiak ez dakit erreko ditudan, Artzek bezala, patxadaz eta soseguz ekin nahi baitut, bihotzari eta buruari kasu eginez. Ez zait gaur-gaurkoz zintzoa iruditzen orain arte idatzitako guztia ezkutatzea edota erretzea, soilik ados ez egoteagatik orain arte idatzi dudanarekin. Jendartean zer zabaldu beharko litzateke?

Zalantzez beteta nago, baina seguru dakidan bakarra da ene izaite osoz maite dudala…

Bilatu