Amaia Jorge eta Itziar Salegi, Baimenen eskubideen aldeko hezkuntzako langileen izenean

Hezkuntzako jarraibideak

Oraingoan ere, Hezkuntzak berea egin du. Europa eta espainiar Estatua bera lanaren eta familia bizitzaren arteko kontziliazioa errazteko pausoak ematen ari diren bitartean (azken berrien arabera, ama-aitatasun baimenak sei hilabetera luzatzeko asmoa dago), EAJk gidatu eta Jokin Bildarratz buru duen sailak oztopoak jarri besterik ez du egiten.

Eta nola jarri ere! Ekainaren 30eko datarekin (hau da, langileriaren zati handi bat jada lantokian ez dagoenean), inongo eragile eta kaltetuekin adostu gabe, aldebakarrez, erabakitako jarraibide bat argitara atera du. Irailaren 1ean indarrean jarriko duena gainera, inolako erantzun antolatu edo adostasunera iristeko aukerarik eman gabe.

Egun, langileok gure familia bizitza eta lana kontziliatu ahal izatea hain garrantzitsua den honetan, horretarako aukera ia guztiz ukatzen digun erabakia hartu du: baimen bat hartzen duen langileak urtean bi data zehatz soilik izango ditu baimena eten ahal izateko; urtarrilaren 31 eta abuztuaren 31.

Zer da baina, ordezko langileen lan baldintzak zaindu eta eskoletako antolaketa errazteko aitzakiapean lortu nahi duena? Argi eta garbi dugu guk: gure eta gure familien kontura poltsikoak betetzea.

Hamaika bide ditu eman dituen arrazoiak bermatzeko: martxan jarri berri duen (eta nolako hanka-sartzeekin gainera!) sasiegonkortasuna eten eta benetako egonkortasuna bermatzea; ratioak jaistea; baliabide pertsonal gehiago ematea eta abar.

Baina ez, beste behin ere, langileon eskubideen urraketen aldeko apustua egin dute agintean daudenek. Familiako zaintzaz arduratu ohi direnak izango dira, gainera, kaltetuenak. Nola ez, gehienetan bezala, emakume langilea.

Ahoa beteko zaie komunikabideetan gauzak zein ondo egiten dituzten esanez, aurtengo ikasturtea emaitza oso onekin gainditu dutela esanez. Eta usteko dute isil-isilik geratuko garela, gainera. Ezer esan gabe onartuko ditugula gure eskubideen zapalkuntza guztiak.

Baina oker daude! Kokoteraino gaude, hezkuntza publikoa aurrera ateratzen dugunon lepotik barre egiteaz. Ez gaituzue engainatzen, ez duzue inor engainatzen. Orain ez gara ikastetxeetan egongo, baina ez dugu zuen amua irentsiko eta hemen izango gaituzue.

Bilatu