Itsaso Gallego | Logopeda eta EMI irakaslea

Hezkuntzan aldrebeskeria baten istorioa

Etsigarria da EAEko Hezkuntza Sailak bere administraziopeko hezkuntza-kidegoko langileekin maiz duen jokamoldea.

Nirekin gertatutakoa langileekiko konfiantzarik eta begirunerik ezaren erakusle xume bat da. Irakaskuntza publikoko langilea naiz duela ia bi hamarkadatik, eta aurten EAEko unibertsitate batean 6 hilabetez magisteritza eskolak emateko aukera sortu zitzaidan. Konfort egoeratik irtetea eskatzen zidan, baina erabaki nuen ahalegina egitea urte hauetan ikasitakoa etorkizuneko irakasleen zerbitzura jartzeko, prozesu horretan ikasitakoa nire ohiko lanerako ere aberasgarria izango zelakoan.

Berehala konturatu nintzen administrazioak ez zidala bidea erraztuko. Hasteko, sei hilabetez eskolak emateko, ikasturte osoko murrizketa eskatu behar nuen nahitaez. Horrek bi ondorio zekarzkidan: batetik, nire egungo ikasle batzuk nahi baino luzeago utzi beharko nituen ordezko irakasle batekin. Eta bestetik, urteko nire ohiko soldata-irabaziak nabarmen murriztuko ziren. Hala ere, erronkak merezi zuen nire ahalegina.

Bateragarritasun-agiria eskatzea omen zen lehen pausoa. Aurkeztu beharreko agiri eta datu guztiak bildu, eta txukun-txukun helarazi nizkion zegokion Lakuako arduradunari.

Ukatu egin zidaten. Arrazoia? Nire soldataren berariazko osagarriak oinarrizko ordainsarien %30 gainditzen duela. Gogoratu zein bide erabili duen euskal administrazioak gure kidegoko langileen soldata normalizatzeko: oinarrizko soldata igo ezin zuenez, berariazko osagarriak igotzea. Bada administrazioak bide hori erabili izana da administrazio horrek berak niri unibertsitatean eskolak ematea ukatzeko arrazoia. Chapeau!

Hori gutxi balitz, ukazioa jakinarazteko eta arrazoitzeko bidali zidaten gutun berean, hilabeteko epea eman zidaten nire lan-bizitza txostena aurkezteko. Nonbait, nik egiaztatu behar dut kasu egin diedala eta ez naizela unibertsitatean lanean ari.

Ez pentsa dena hor bukatzen denik: gutunean, diziplina-erregimenaren arabera legokidakeen zigorraz egiten zidan mehatxu Langileak Kudeatzeko zuzendari jaunak, baldin eta agiri hori bidaltzen ez banuen.

Barregarriena da otsailetik aurrera unibertsitatean lan egitea ekiditeko urriko lan-bizitzaren txostena eskatzen zidatela. To I+G+b administrazioan!

Bilatu