Josu Jimenez Maia, idazlea

Hodeiak eta ideiak

Hodeiak eta ideiak elkarren antza dute. Batzuk, potoloak eta trinkoak; beste batzuk, aldiz, arinak eta lausoak. Badira hodeia eta ideia polit-politak, eguna edertzen dutenak, eta bestetzuk, berriz, beltz-beltzak eta ikaragarriak, errealitatea eta gogoa iluntzen digutenak.

Hodeiak eta ideiak hortxe daude, gain-gainean ditugu; pausatu eta begiratzeko tenorea behar da hartu, hori baino ez. Hodeiak eta ideiak, itxuraz geldirik egon arren, beti ari dira mugitzen, haizeak nondik jotzen duen. Munduaren haize boladek nora, hodeiak eta ideiak, hara, egokitzen, beste itxura bat hartzen, beste norabide bat, ez beti zuzena, bihurria baizik. Batzuetan, haizetearen indarra hain da handia ezen hodeiak eta ideiak eramaten dituen, gure errealitatetik guztiz desagerrarazi arte.  

Badira hodei eta ideia emankorrak, euria gozo-gozo uzten dutenak lurra eta jendartea poliki-poliki blaitzen; hodei eta ideia burrunbatsuek, berriz, supituki botatzen dute edukia, braust, eta –ez lurrean, ez pertsonengan– probetxuzko ezer gutxi uzten dute; burrunba handia bai, tximistak ere bai, baina gero, deus onik uzten ez dutenak, zarata eta itxura baino.

Datorren igandean, Hegoaldean udal eta foru hauteskundeak ditugularik, gogoratu eskuindarrak ez direla sekula etxean gelditzen eta beti bustitzen direla botoa emanda, zalantzak gorabehera. Zalantzatan dabilen ezkertiarrari ari natzaio: igandean, eman bozka, zalantzak gorabehera, haizea alde dugu eta.

Bilatu